Gizartea -
EPAIKETA
Lekuko berriak eta bi biktima gehiago, Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren zazpigarren egunean
Gaurkoa auzi-saioa ere ateak itxita egin da, eta Donostiako argazkilariaren biktimetako baten amaren eta beste baten bikotekidearen testigantzak entzun dituzte magistratuek.
EITB MEDIA
Kote Cabezudoren aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du Gipuzkoako Auzitegian, lekuko berrien eta argazkilari donostiarraren beste bi biktimaren deklarazioarekin. Hainbat delitu sexual leporatzen dizkiote, besteak beste, bortxaketa, haur-pornografia eta iruzurra.
10:00k aldera hasi da zazpigarren auzi-saioa eta gaurkoan ere ateak itxita egin dute. Donostiako argazkilariaren ustezko bi biktimek eta horietako baten amak deklaratu dute. Gainera, eta akusazio partikularrak hala eskatuta, biktimetako baten bikotekideak ere eman du bere testigantza.
Aurretik emana zuen jada lekukotza, eta berretsi egin du Cabezudok egindako argazkien eskubideak berrerosten saiatu zela eta neska-lagunaren irudiak Internetetik kentzeko eskatu ziola.
Bestalde, defentsak uko egin dio astelehenean deklaratzea aurreikusita zegoen lekuko bati. Astelehenean ekingo diote berriz ere epaiketari, 09:30ean.
Gogoratu Fiskaltzak 121 urteko kartzela-zigorra eskatu duela akusatuarentzat 32 delitu egotzita; haur-pornografia, sexu-abusua eta iruzurra, besteak beste. Akusazio partikularrak, baina, 2.400 urteko zigorra eskatu du. Joan den astean, 74 urteko argazkilari donostiarrak bere aurkako salaketa guztiak ukatu zituen, eta modeloek ez zutela nahi ez zuten ezer egin azaldu zuen.
Dagoeneko 10 modelotik gora deklaratu dute epaiketan. Oraingoz, baina hiruk deskribatu dituzte jasandako sexu-abusuak. Horietako batek, gainera, 150 bortxaketa egitea leporatu dio argazkilariari.