Gizartea -

EPAIKETA

Kote Cabezudoren biktimetako batek 150 bortxaketa salatu ditu epailearen aurrean

Hain justu, horixe da akusazioa partikularrak horren zigor handia eskatzeko arrazoi nagusietako bat; izan ere, horren arabera, sexu-abusuak gutxienez 150 aldiz egin zizkiola egiaztatu da.

Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen eguneko irudi bat. Iturria: EITB Media
Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen eguneko irudi bat
Kote Cabezudoren aurkako epaiketaren lehen eguneko irudi bat. Iturria: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian Kote Cabezudo argazkilariari 150 bortxaketa egitea leporatzen dizkion emakumearen lekukotza entzun dute magistratuek. Ateak itxita egin duen agerraldian, ikerketa garaian egin zuen salaketa berretsi du.

Horren esanetan, 14 urterekin hasi zen Cabezudorentzat modelo lanak egiten, eta epaimahaiari kontatu dionez, orduan hasi ziren bortxaketak, eta askotan errepikatu ziren, 150 argazki saio egin, eta guztietan bortxatu zuelako.

Ikerketa epean kontatutako guztia berretsi du emakumeak: akusatuak bere irudi pornografikoak eskuratu zituela (batzuetan bera biluzik, besteetan beste modelo batekin grabatuta), eta material hori erabili zuela ondoren, mehatxu egiteko eta are esplizituagoak ziren irudiak lortzeko. Mehatxu horien ostean etorri ziren ukituak eta sexu-eraso larrienak, bortxaketak tarteko.

Akusazio partikularraren arabera, eskuratu dituzten bideoetan argi ikusten da sexu-abusuak izan zirela, Cabezudok bideo horiek guztiak webgune pornografikoetan zabaldu zituelako.

Emakume honen lekukotza ateak itxita egin da. Bera izan da gaurko saioan deklarazioa eman duen biktima bakarra. Defentsak eskatutako 2 lekukok ere hitzordua zuten gaur, baina azkenean bakarrak eman ditu azalpenak, eta honek ere ateak itxita egin du.

Gogoratu Fiskaltzak 121 urteko kartzela-zigorra eskatu duela akusatuarentzat 32 delitu egotzita; haur-pornografia, sexu-abusua eta iruzurra, besteak beste. Akusazio partikularrak, baina, 2.400 urteko zigorra eskatu du.

Martxoaren 7an abiatu zen Kote Cabezudoren aurkako epaiketa, eta Aretoak antolatutako 20 jardunaldietatik seigarrena izan da asteazken honetakoa. Orain arte bederatzi modelo pasatu dira auzitegitik, baina oraingoz hiruk deklaratu dituzte sexu-abusuak jasan izana. Hala ere, guztiek salatu dute argazki biluziak lortzeko kontratuak sinatu zituztela, baina Cabezudok ez zituela "behar beste" informatu, eta, gainera, webgune pornografikoetan zabaldu zituela irudiak.

Joan den astean, 74 urteko argazkilari donostiarrak bere aurkako salaketa guztiak ukatu zituen, eta modeloek ez zutela nahi ez zuten ezer egin azaldu zuen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoa EAE albisteak Epaiketak argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak