Gizartea -
korrika 22
Karmele Jaio: "Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik"
Korrikaren lekukoa Donostiara iritsita, Karmele Jaio idazleak irakurri du isilpean gordetako mezua. Euskara gorpuzteko jolasean, azpimarratu du hizkuntza bat ez dela hitzekin bakarrik egiten, "hitzekin eta gorputzekin baizik".
itxaso leon kareaga | eitb media
'HitzEkin' azaldu ezin den amaiera eman dio euskaltzale olatuak Korrikari, Donostian. Negu itxurako udaberri batean, elurrari, euriari, hotzari eta aldapa orori aurre eginda, eta betiere euskaldun eta euskaltzaleen bultzadarekin, igande eguerdian amaitu da, Gipuzkoako hiriburuan, Korrikaren 22. edizioa. Milaka pertsonak egin diote harrera Boulevard zumardian, udaletxe parean, 11 egunetan zehar Euskal Herri osoa zeharkatu duen lasterketari. Karmele Jaio izan da 2.500 kilometro egin dituen lekukoak barnean zeraman euskararen aldeko mezu sekretuaren idazle eta, gaurkoan, irakurle.
12:30ak aldera igo da idazlea oholtzara mezua irakurtzera, Korrikaren azken kilometroa Aize Otaño AEK-ko ordezkariarekin batera egin ostean. Ordura arte, isilpean gorde dituzte mezuaren edukia eta egilearen izena.
'Atzean Zuloa' Bagera Elkarteak sortutako proiektuko aktoreek, Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu donostiarrek, gidatu dute ekitaldia.
"Herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat da Korrika", esan du Jaiok hasteko. Euskara gorpuztu nahi izan du igorritako mezuan: "Hizkuntza bat ez da hitzekin bakarrik egiten, hitzekin eta gorputzekin baizik"; izan ere, "hizkuntza fisiko bihurtzeko gaitasuna du Korrikak".
"Dardara, izerdi eta arnasestu artean" pasa diezaiokegu elkarri, azken egunotan bezala, "eskutik eskura". "Hori behar du euskarak, haragi bihurtzen diren hitzak", erantsi du.
Mezuaren amaieran, euskara eztarrietatik ateratzeko gonbita egin du, "Mauriziaren irrintzi baten indarraz". Donostiako Boulevard zumardia bete duen jendetzak gustura jaso du gonbidapena, eta oihu horrekin bat egin du, taldeko irrintzi ozen batean.
Donostiara iritsiera
07:30ean sartu da Korrika Donostiara, Errekaldetik. Amurrion abiatu zen martxoaren 31n, eta, ordutik, Euskal Herriko lurralde guztiak zeharkatu ditu Gipuzkoako hiriburura, hurrengo edizioko abiapuntura, iritsi aurretik.
Ibilbide luzea egin du goiz osoan zehar Gipuzkoako hiriburutik, auzo ugari zapalduta; Antigua, Gros, Parte Zaharra eta Martutene, besteak beste.
Egitaraua
Egun osoko jaia izan da Donostian. Besteak beste, musika, herri bazkaria, azoka, kontzertuak, bertso saioa eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izan dituzte gozagai haur eta helduek.
12:00etatik aurrera, zortzi gune atondu dituzte Boulevarden bertan, Alderdi Ederren, Kaian, Zuloaga plazan, Konstituzio plazan, Trinitate plazan, Gipuzkoa plazan eta Sarriegi plazan.
Korrikaren amaiera zuzenean jarraitu ahal izan da eitb.eus-en, eta Donostiatik egin dira 'Gaur Egun' eta 'Teleberri', zuzenean.