Gizartea -
KORONABIRUSA
Maskara lantokian ez da derrigorrezkoa eta enpresa bakoitzaren erabakia da, Dariasek nabarmendu duenez
Osasun ministroak argitu duenez, ebaluazioa lanpostuari dagokio, ez egoera epidemiologikoari, eta prebentzio-zerbitzu bakoitzak egoki dena egingo du. Enpresa txikien kasuan, arau orokorra ez erabiltzea dela azpimarratu du.
EITB MEDIA
Toki itxietan maskara nahitaez erabiltzeko agindua bertan behera geratu den egun berean, Carolina Darias Osasun ministroak argitu du enpresek lanpostuaren arriskuak ebaluatu behar dituztela, ez egoera epidemiologikoa, lantokian maskara nahitaez erabiltzen jarraitu behar den edo ez erabakitzeko. Horren hitzetan, baina, arau orokorra ez erabiltzea da.
Onda Cero irratian asteazken honetan egindako elkarrizketa batean, Dariasek adierazi du hemendik aurrera maskarak ez direla "nahitaezkoak", lanpostuaren arriskuen ebaluazioa egin ezean; aireztapena edo langileen arteko 1,5 metroko distantzia aipatu ditu zaindu beharrekoen artean. "Ebaluazioa lanpostuari dagokio, ez egoera epidemiologikoari, baina prebentzio-zerbitzu bakoitzak egokia dena egingo du", gaineratu du.
Egun dauden zalantzak argitze aldera, lan-arriskuen prebentziorako zerbitzurik ez duten enpresa txikien kasuan, arau orokorra musukoa ez erabiltzea dela esan du Dariasek. Era berean, nabarmendu du horiek Osasun Ministerioaren lan-osasuneko zerbitzura jo dezaketela, eta Prebentzio Zerbitzuetarako Gomendioen Gida ere kontsulta dezaketela, gaur bertan eguneratu baitute.
Kasu zehatzak ere aipatu ditu. Dariasen hitzetan, taxia hartzeko orduan, adibidez, gidariak ezin du behartu bezeroa maskara jartzera, eta gauza bera gertatzen da saltokietan.
Ministroaren ustez, une egokia da maskarak kentzeko, eta Ministeriotik mezu garbia zabaldu nahi dutela esan du. "Pandemiak gure artean jarraitzen du, baina modu desberdinean jokatzen du", eta hori txertoei esker da. "Erantzuna bat dator unean uneko egoerarekin", azpimarratu du.
Gaur bertan Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretuaren arabera, musukoa osasun-zentro eta -zerbitzuetan, adinekoen egoitzetan eta mota guztietako garraio publikoetan jarraitu beharko da erabiltzen, eta ekitaldi jendetsuetan eta pilaketak daudenean erabiltzeko gomendatu dute. Era berean, pertsona zaurgarriek ere erabiltzea komeni dela gaineratu dute.