Gizartea -

Elkarrizketa

Bea Sever: "Agiria ez aldatzeak, zaildu bai, baina ez die eragozten diren bezalakoak izanda bizitzen"

Naizen adingabe transexualen familien elkarteko bozeramailearentzat, ez da sorpresa izan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak atzo onartutako Trans Legearen inguruko txosten kritikoa. Gizarteak transexualei eragindako sufrimendua konpontzen hasi beharra dagoela azpimarratu du.

Bea Sever. EITBren artxiboko irudia.
Bea Sever. EITBren artxiboko irudia.
Bea Sever. EITBren artxiboko irudia.

play icon 6:04

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak atzo onartutako Trans Legearen inguruko txosten kritikoa ez da sorpresa izan Bea Sever Naizen adingabe transexualen familien elkarteko bozeramailerentzat.

Euskadi Irratian ostegun goizean egindako elkarrizketan adierazi duenez, hori izan da agente judizialaren jarrera historikoa: "Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen legea atera zenean, animalia eta pertsona arteko ezkontzarekin konparatu zuten, eta genero indarkeriaren aurkako legea atera zenean ere, beharrik ez zegoela esan zuten; beraz, espero genuen honetan ere halako jarrera bat". 

Berdintasun Ministerioaren proiektuak atea zabaltzen dio 12 urtetik aurrerako pertsonei erregistroan sexu aldaketa egiteko aukerari (14 urtetik aurrera, epailearen oniritziaren beharrik izan gabe, eta 16 urtetik aurrera, mugarik gabe). Aginte Judizialaren txosten ez loteslearen arabera, baina, ez da zentzuzkoa 18 urte bete arte gazteek erregistroan sexu aldaketa euren kabuz eskatzeko aukera izatea, eta horri buruz galdetuta, Severrek argitu du, bai Nafarroan, bai EAEn, gaur egun baiezkoa ematen ari zaiela erregistroan sexuz aldatzea eskatzen dutenei. 

"2019an Auzitegi Konstituzionalak esan zuenetik 18 urtetik beherakoei aukera ukatzea Konstituzioaren kontrakoa zela onartzen ari dira eskaerak, salbuespenen bat edo beste kenduta; EAEn, 12 urtetik aurrerakoei, eta Nafarroan, 8 urtetik aurrerakoei". 

Era berean, Severrek nabarmendu du erregistroa Estatuaren eskuduntza dela, baina Euskadin eta Nafarroan legeek baimentzen dutela haurrek eurek hala eskatzen duten momentutik bestelako agirietan aldaketak egitea, hala nola osasun txarteletan, kiroldegikoan eta bestelako zerbitzuetan. "Erregistroa ez aldatzeak, zaildu bai, baina ez die eragozten diren bezalakoak izanda bizitzen"; izan ere, "sexu batekoa edo bestekoa izatea ez da erabaki bat, desioaren orientazioa erabakitzen ez den bezala". 

Azaldu duenez, handia da haur transexualen inguruko ezjakintasuna, izan ere, "existitu existitzen zen arren, 2013. urtera arte ez da errealitate hau agertzen, hamar urte ere ez dira haurtzaroaren eta transexualitatearen arteko lotura gure garunetan dagoenetik".

Naizen elkarteko bozeramailearen ustez, gizarteak zorra du pertsona transexualekin. "Has gaitezen konpontzen eragin zaien sufrimendua", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Irratia euskaraz LGTBI+ azken ordukoa Umeak