Gizartea -

JAIAK

Araba prest dago San Prudentzio jaiak ospatzeko

Gaur gauean bi hitzordu nagusiak iritsiko dira: Erretreta eta Danborrada. Bi ekitaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira EiTB Mediaren webgunean.

San Prudentzio, Gasteiz. Argazkia: Jose Antonio Fernandez de Luco.
San Prudentzio, Gasteiz. Argazkia: Jose Antonio Fernandez de Luco.
San Prudentzio, Gasteiz. Argazkia: Jose Antonio Fernandez de Luco.

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iritsi da eguna. Bi urteko etenaldiaren ondotik, San Prudentzio jaiak bueltan dira. Azken egunotan, arabarrek jaien atarikoaz gozatu dute, lehiaketa gastronomikoez edo kuadrilen erakusketez, besteak beste. Hala ere, gaur bi hitzordu garrantzitsuenak iritsiko dira: Erretreta eta Danborrada. Bi ekitaldiak zuzenean jarraitu ahal izango dira EiTB Mediaren webgunean.

Hala, erretretaren eta San Prudentzio martxaren doinuak etxeetako balkoiak utzi eta ohiko agertokira itzuliko dira. Tronpetariek eta atabalariek ohiko musika joko dute Plaza Berrian lehenik, 20:00etan, eta Probintzia Plazan ondoren, 21:00etatik 22:00etara.

Afalostean, 23:30etik aurrera, elkarte gastronomikoak Gasteizko erdiguneko kaleetatik ibiliko dira berriro. Danborrada izango da jai-gau luze baten ekitaldi nagusietako bat.

San Prudentziori "santu pixontzia" deitu izan diote, eta 2022 honetan ere, ohiturari jarraituko dio. Aterkia aldean eraman beharko dute danborradan eta erretretan parte hartzen dutenek, tarteka zaparradak botatzea aurreikusi baitu Euskalmetek.

Bihar, San Prudentzio egunean, Armentiako basilikaren inguruetara eramango dute jaia, erromeria egingo baitute.

Elkarte gastronomikoak ere prest daude, eta arabarrek egun horietan ohikoak diren platerez gozatuko dute, hala nola perretxikoen nahaskiaz edo barraskiloez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa San Prudentzio Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak