Gizartea -
Final Four
"Batzuen istiluek ekitaldi eta txapelketa handi bat ilundu ez ditzatela" eskatu du Bilboko Udalak
Bizkaiko hiriburuko alkateak esan du txapelketa berri honen balantzea "oso positiboa" izan dela, eta hirira berriz ere ekitaldi handien buelta suposatu duela.
agentziak | eitb media
Bilboko Udalak eskatu du "batzuen istiluek ekitaldi eta txapelketa handi bat ilundu ez ditzatela", igandean Israelgo Hapoel Holon eta Palestinaren aldeko zaleen artean izan ziren liskarrak direla eta.
Sare sozialen bidez, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du txapelketa berri honen balantzea "oso ona" dela, eta nabarmendu du berriz ere "hirian ekitaldi handiak" berriz ere egitea ahalbidetu duela, "gure gaitasuna eta esperientziaren isla".
Oraingo honetan, 2022ko Lauko Basketball Champions Leagueko Finalak "gure hotelak bete ditu eta hirian puntako kirolariak" izatea ekarri du. Gaineratu duenez, "BCLko antolatzaileek gure lana nabarmendu dute, baita hiria bera ere, modernoa eta lehen mailako instalazioak dituena".
Israelgo taldeko jarraitzaileek, Basketball Champions League txapelketaren finala ikusteko Bilbon zeudela, Palestinaren aldeko zaleei oldartu zitzaizkien hiribilduko Zazpikaleetan.
Istiluok 15:30k aldera hasi ziren. Liskarretan parte hartu zutenek tabernen terrazetako aulkiak eta mahaiak elkarri jaurti zizkieten, eta hiriko altzarietan kalteak eragin zituzten.
Gainera, Hapoek Holoneko jarraitzaileek Palestinako bandera bati su eman zioten. Istiluen ondorioz, parte hartzaileetako bat zauritu zen eta bi pertsona atxilotu zituzten, desordena publikoa eraginda bietako bat, eta desobedientziagatik, bestea. Biak aske geratu ziren ordu batzuk geroago.