Gizartea -

Ipar Euskal Herria

Epaileak Eric Olhats futbol ikuskatzailea espetxera bidali du sexu-abusuak egotzita

Konkretuki, epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio, "15 urtez azpiko adingabeei eraso egin ziela" egiaztatzeko froga nahikoak daudela iritzita,

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baionako Poliziak Eric Olhats futbol ikuskatzailea atxilotu zuen iragan asteazkenean. Epailearen aurrera eraman zuten ostegun gauean, eta Olhats espetxera bidali zuen, Actu Pays Basque-k jakitera eman duenez.

Konkretuki, epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio, "15 urtez azpiko adingabeei eraso egin ziela" egiaztatzeko froga nahikoak daudela iritzita, eta "adingabeen irudi pornografikoak izateagatik", Marc Mariee Baionako prokuradorearen ondokoak igorritako agiriaren arabera.

Erasoak 90 hamarkadako amaieran eta 2000. urtearen hastapenetan jazo ziren, Olhats Baionako Aviron taldeko gazteen entrenatzailea zen artean. Hiru biktimak haren kontrako salaketa aurkeztu zuten iazko abuztuan, eta ikerketa egin ostean, atzo atxilotu zuen Poliziak.

Eric Olhats, 59 urteko baionarra, ezaguna da futbol munduan. Realeko Antoine Griezmann jokalaria ohia berak aurkitu zuen Realeko ikuskatzailea zenean. Griezmannen ordezkaria ere izan zen urte luzez. Gaur-gaurkoz, Atletico Madrilen ikuskatzailea da Frantziako Estatuan.

Ez da lehen aldia Olhats adingabeen kontrako delituetan nahasita dagoela. 2009an, adingabeak galbidean jartzegatik epaitu eta zigortu zuten. Realeko ikuskatzailea zen artean, eta behin-behinean taldetik kanporatu zuten txuri-urdinek. Nolanahi ere, handik gutxira berriro jarri zuten karguan, eta 2018ra arte jardun zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Iparraldea Baiona Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak