Goiz kronika asteburua -
GALDEKETA
Josetxo Alvarez: "Etorkizunean monarkia edo errepublika aukeratzeko erreferenduma egingo dela uste dut"
"Monarkia ala errepublika" herri kontsultaren plataformako kidearen esanetan, urte batzuren buruan egingo da Espainian estatu ereduari buruzko erreferenduma. Borboien dinastiak izan dituen gorabeherek eragina izango dutela uste du.
Amaia Etxeberria | EITB Media
Josetxo Alvarez "Monarkia edo errepublika" herri kontsultaren plataformako kidearen hitzetan, gaurko kontsulta sinbolikoa eta pedagogikoa den arren, urratsa da erabakitzeko eskubidearen alde. Gogoratu du Espainko Konstituzioa ez zutela herritar askok bozkatu eta "Estatu espainiarrean errepublikaren eztabaida lapurtua izan dela".
Uste du, berandu baino lehen, egingo dela monarkiaren gaineko erreferendum bat; izan ere, Alvarezen ustez, "Borboien dinastia ez da gauzak ongi egiten ari" eta horrek ere eragina izango du.
Espainiaren estatu ereduari buruzko herri galdeketa egingo da hainbat gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politikok deituta. Monarkia ala errepublika, zer nahi den iritzia emateko eskatuko zaie herritarrei. Espainiar Estatuan 700 bat bozkaleku jarriko dira, 50 bat Hego Euskal Herrian.