Gizartea -
gipuzkoa
Donostiako Martutene Bizirik mugimenduak "bideko segurtasuna" eskatu du auzoko ikastolaren inguruetan
Donostiar familiek osatutako mugimenduak salatu duenez, egoerak berdin jarraitzen du urtarrilean zonaldean gertatutako istripu "larriaren" ostean.
agentziak | eitb media
Donostiako Martutene auzoko familiek osatutako Martutene Bizirik mugimenduak elkarretaratzea egin du, auzoko ikastolaren inguruetan "bideko segurtasuna" eskatzeko.
Auzokideek Sarrueta pasealekuaren inaugurazioa aprobetxatu dute agintariei gogorarazteko "Martuteneren beharrak askotarikoak" direla eta "Donostiako oso txoko abandonatua" dela, Laida Etxeberria bozeramailearen hitzetan.
Elkarretaratzean gogora ekarri dutenez, urtarrilean zonaldean gertatutako istripu "larriaren" ostean, Donostiako Udalak "trafikoa baretzeko larrialdiko esku-hartzea" egingo zuela esan zuen, baina egoerak berdin jarraitzen du eta datorren hilabetean amaituko da ikasturtea.
Era berean, hurrengoak salatu dituzte: "zubi berria auzoarekin elkartzeko asmatu zuten bihurguneak dakarren segurtasun arazoa, Udaleko zerbitzuaren garbitasun eza, gasolindegi abandonatua, behin-behinekoa izaten urteak daramatzan biribilgunea, hirugarren munduko bus geltokiak, Renferen geltoki prekarioa, Kutxaren kutxazain falta eta Marie Curie parkeko (genero indarkeria) puntu kritikoa".