Gizartea -

Klima aldaketa

Pirinioetako glaziarren erdia baino gehiago desagertu dira, eta 20 baino ez dira geratzen

Ikerketa baten arabera, batez besteko tenperatura 1,6 gradu igo da azken 61 urteotan, eta 2020. urtea 1959tik beroena izan zen. Datu kezkagarrion aurrean, Pirinioetako Lan Elkarteak estrategia prestatu du eremua "erresiliente" izan dadin 2050erako.

Anetoko glaziarra, 2013ko argazki batean. Yolanda Villaverde erabiltzaileak bidalitako argazkia.
Anetoko glaziarra, 2013ko argazki batean.
Anetoko glaziarra, 2013ko argazki batean. Yolanda Villaverde erabiltzaileak bidalitako argazkia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1983tik, Pirinioetan zeuden glaziarren erdia baino gehiago desagertu egin dira. Hartara, 20 baino ez daude gaur egun, "oreka egoera makalean", ADAPYR ekimenak egindako txostenaren arabera.  

EAE, Nafarroa, Katalunia, Andorra, Akitania Berria, Okzitania eta Aragoiko gobernuek osatzen dute Pirinioetako Lan Elkartea, eta ADAPYR ekimena Pirinioetako klima aldaketaren lurralde lankidetzarako sortu zuten duela bi urte.

Gaur aurkeztu duten txostenak datu kezkagarriak utzi ditu mahai gainean, eta klima aldaketaren ondorio nabariak azalarazi. Hala, azken 30 urteotan (1990-2020) Aneto glaziarraren hedadura erdira murriztu da. Beste datu bat: 1.500 metrotik behera pilatzen den elurra % 78 jaits liteke XXI. mendaren azken laurdenean. 

Bada gehiago: urteko batez besteko tenperatura 1,6 gradu igo da 1959-2020 aldian. Gero eta euri gutxiago egiten du, gainera: epe berean, urteko batez besteko prezipitazioak % 8 egin du behera. Beraz, ez da harritzekoa 2020a azken 62 urteotako beroena izatea. 

Ondorioz, uda luzatu egin da, eta gaur egun Pirinioetan uda sasoiak 1959. urtean baino hilabete gehiago irauten du.

Zohikaztegiek karbonoa xurgatzeko egiten zuten lana alda lezake klima aldaketak, karbono dioxidoa isurtzen hasi baitira.

Era berean, eta oraindik atariko ondorioak badira ere, azken lau urteotan ikusi da lakuek egun gutxiago irauten dutela izotzez estalita, eta urtzaldia hasteko data aurreratzen ari dela.

Hala, ikerketak jasotzen duenez, 1978 eta 2020 artean, Cotiellako (Aragoi) kobazulo izoztuko izotz bolumena % 20 jaitsi da, eta izotzaren tenperatura handitzen ari da kobaren barruan.

Datu horien aurrean, ADAPYR proiektuak klima aldaketari buruzko Pirinioetako lehen estrategia landu du, "Europan bakarra den ikuspegi batekin. Helburu jakin bat lortzeko emandako jarraibideak nabarmentzen dituen dokumentua da, hau da, 2050ean Pirinioak lurralde erresiliente bihurtzea".

Estrategia funtsezko bost eremutan oinarritzen da: klima, mendiko ekonomia egokitua, ekosistema natural erresilienteak, biztanleria eta lurraldea eta, azkenik, gobernantza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Klima-aldaketa Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa Pirinioak Aragoi