Gizartea -

zientziaren hedapena

Ikerbasquek Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabalen ikerketa lana saritu du

Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana ikustaraztea dute helburu sariek, datozen belaunaldietarako eredu eta inspirazio izan daitezen.

Ikerbasquek saritutako ikertzaileak. Argazkia: EITB Media
Ikerbasquek saritutako ikertzaileak. Argazkia: EITB Media
Ikerbasquek saritutako ikertzaileak. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume ikertzaileak saritzeko ardura duen Ikerbasqueko Batzorde ebaluatzaileak aho batez adostu du aurtengo saria Jasone Cenoz, Amanda Sierra eta Marta Olazabali ematea, ezarritako hiru mailetako bakoitzean.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ostegun honetan eman die hiru zientzialariei bere Sailak eta Ikerbasquek emandako sariaren berri.

Hain zuzen ere, Advanced saria, ikerlari karrera oso bati egiten zaion aitorpena, Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoetako saileko katedradunarentzat izango da.

Batzordeak hurrengoak azpimarratu ditu, Cenozi buruz: "hezkuntza arloan duen ibilbide zientifiko bikaina, lidergorako gaitasuna, nazioarteko mailan bere ikerketa esparruan erreferente izatea eta Euskal Herriko zientziarekiko konpromisoa, baita nazio mailako eta nazioarteko sare zientifikoetan parte hartzea ere".

Bestalde, Amanda Sierrak jasoko du bere ikerketa esparruan liderra den ikertzaile bat nabarmentzen duen Consolidator Saria. Ikerbasque Research Professor ikertzailea da Atxukarroko Basque Center for Neurosciences zentroan.

Sierrak burmuineko birsorkuntza mekanismoak eta askotariko gaitz neurodegeneratiboen aurrean ematen dituzten erantzunak ikertzen ditu. Zehazki, hildako neuronak modu azkar eta eraginkorrean ezabatzea baimentzen duen burmuineko autogarbiketa sistemaren inguruan aritzen da lanean.

Haren kasuan, Batzordeak nabarmendu egin ditu "neurozientzien ikerketan lidergo zientifikoa, bere ekoizpen zientifikoaren kalitatea eta nazioarteko eragina, gizartean zientziaren hedapenerako ekintzekin konpromisoa eta, bereziki, zientziaren munduan emakumeen berdintasunera bideratutako ekintzetan duen inplikazioa".

Bukatzeko, BC3 Basque Centre for Climate Change zentroan lan egiten duen Marta Olazabal Iker Basque Research Associate ikertzailearentzat izango da Starting saria, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmen bat aitortzen duena.

Olazabalen ikerketa lanak klima aldaketarako egokitzapena eta erresilientzia urbanoa ditu ardatz, eta Batzordeak azpimarratu ditu "bere ikerketa esparruan lidergoa eta ikertzaile gazte gisa egindako lorpen berriak, ERC Starting Grant lortuta, inguru urbanoek klima aldaketaren aurrean egindako egokitzapena ikertzea helburu duena".

Emakume ikertzaileak ikustaraztea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek urtero ematen dituzten aitorpen horiek ez dute sari izaerarik, Euskadiko emakume ikertzaileak eta horien lana ikustarazteko helburua baizik, ikertzaile belaunaldi berrientzat eredu eta inspirazio izateko.

Horretarako, euren ibilbide zientifikoko hiru etapa desberdinetan dauden emakume ikertzaileen lana aintzat hartzen da: aurreratua, kontsolidazioa eta etorkizun handikoa, Ikerbasquek azaldu duenez.

Laugarren edizio honetan, ekoizpen zientifikoko datuen eta Euskadiko ikertzaileen azken ekarpenen analisi bibliometrikoa egin du Ikerbasquek.

Batzorde ebaluatzaileak 25 ikertzaileko azken hautaketa batera bideratu du eztabaida, aipatutako hiru mailetan. Kategoria orotako ikertzaileen maila zientifiko handia azpimarratu du, eta baita aurreko urteetako hautagai kopuruaren hazkunde nabarmena. Hori, batzordearen hitzetan, Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren "potentzial handiaren" isla da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak EAE Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Zientzia albisteak Zientziaren hedapena zuzenean