Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Gida batek jaietan eraso matxistak prebenitzeko gakoak emango dizkie udalei, txosnei eta ostalaritzari

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Emakundek, Eudelek eta aldundiek jarraibide sorta prestatu dute eraso sexistak identifikatu, prebenitu eta gertatzekotan, artatu eta erantzun publiko bat emateko. "Eraso sexisten normaltasun zaharra iraganean geratzea nahi dugu", azpimarratu dute.

  • Artolazabal, Landaida, Urtaran eta Aldundietako Berdintasun arduradunak.

    Artolazabal, Landaida, Urtaran eta Aldundietako Berdintasun arduradunak. Argazkia: EITB Media

Emakundek, Eudel eta foru erakundeen lankidetzarekin, gida —"Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida" izena jarri diote—prestatu du aurtengo jaietan eraso matxistei aurrea hartzeko eta horretarako, gakoak helaraziko dizkie udalei, batez ere txikienei, txosnei eta ostalaritza sektoreari. Gidaliburua gaur aurkeztu dute erakundeok, eta jaiak antolatzen ibiltzen diren eragile guztien esku jarraiko dute aurki. Prebentzioa lantzeaz gain, eraso mota horiek identifikatzeko, artatzeko eta erantzun publiko egoki bat emateko giltzarriak ere eskainiko dira.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Politika Sozialetako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Gorka Urtaran Eudeleko presidentea eta hiru foru aldundietako Berdintasun arduradunak izan dira prentsaurrekoan.

Artolazabalen hitzetan, aurtengoa "uda berezia" izango da jaiak berreskuratu eta kaleez gozatzeko aukera izango delako. Dena dela, ohartarazi duenez, "jaiak normaltasunez ospatzeko garaia da, baina ezin dugu normaltasunari buruz hitz egin gure kaleetan eraso sexistak ematen badira". Ildo beretik mintzatu da Urtaran ere. "Jaiak ospatzeko gogotsu gaude denok, baina ondo ospatzeko errespetua behar da; eraso sexisten normaltasun zaharra iraganean geratzea nahi dugu", nabarmendu du.

Gidak hiru lan ildo proposatzen ditu eraso matxistarik gabeko jaien helburu hori lortzeko. Aurrena, jaiak antolatzeko metodologia zehatza du abiapuntu, eta horretarako "betaurreko moreak janztea" beharrezkoa dela ohartarazi. Hala, festak antolatzeko elkarte "asko eta askotarikoak" biltzea aholkatzen du, eta talde feministak, berdintasun teknikariak edota emakumeen elkarteen laguntza izatea.

Ondoren, eraso matxistei buruzko prestakuntza bat antolatzea proposatzen du, eraso horiek "identifikatzen, prebenitzen eta arreta ematen" ikasteko. Behin hori barneratuta, bi protokolo prestatu beharko lirateke: bata balizko biktima artatzeko (arretarako protokoloa) eta, bestea, herritarrek horren kontrako erantzuna emateko (erantzun publikorako protokoloa). Halaber, jaiak amaituta, egindakoen eta egiteke geratu diren jardueren balantzea egitea beharrezkoa da, Emakunderen arabera.

Azkenik, hirugarren eranskin bat ere badu gidak, txosnekin eta ostalaritzaren sektorearekin lantzeko jarraibideei buruz. Besteak beste, honako ideiak gogorarazi dituzte. Batetik, "erasoak ezin dira alkohola eta drogak kontsumitu direla justifikatu, ezta biktimaren bizimoduagatik, janzteko moduagatik edo erasotzailearekin sexu harremanak edukitzeagatik justifikatu ere". Bestetik, "erasoaren erantzule bakarra erasotzailea" dela azpimarratu dute.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena