Gizartea -
Giza Eskubideak
Greziako kanpalekuetatik gaixo dauden haurrak ekartzeko korridore humanitarioak zabaltzea eskatu dute
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz erakundeek salatu dute Europan ez zaie tratu bera ematen Greziako errefuxiatu-esparruetan dauden errefuxiatu siriar, afganistandar edo irakiarrei, eta Ukrainatik datozen errefuxiatuei.
Agentziak | EITB Media
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz plataformek korridore humanitarioak irekitzea eskatu dute Greziako errefuxiatu-kanpalekuetan dauden eta gaixotasun larriak dituzten haurrak Euskadira ekartzeko. Esparru horiek "kontzentrazio-eremuak" direla salatu dute.
Plataforma horietako bozeramaileek asteazken honetan Gasteizen egindako prentsaurrekoan salatu dutenez, Europan ez zaie tratu bera ematen ari eremu horietan dauden Siriako, Afganistango, Irakeko edo beste toki batzuetako errefuxiatuei, eta Ukrainatik datozen pertsonei.
Ukraina ez den beste toki batzuetan sortutako antzeko egoeretatik ihes egiten dutenei "duina ez den tratua ematea ez dugu bidezko ikusten, ez eta mugak ixtea edo kontzentrazio-esparruetan atxikitzea" ere, hala nola "Kanarietan edo Grezian ezarritakoetan".
"Hau heriotza-politika da. Europako agintariak ekintza kriminalak egiten ari dira", baieztatu dute, eta gogorarazi Mugarik Gabeko Medikuek salatu dutenez, Greziako errefuxiatu-esparruetan 140 haur daudela gaixotasun oso larriekin eta tratamendu medikorik gabe, eta zentro horietan dauden pertsona askok pentsamendu suizidak dituztela.
Salatu dute buruzagi europarrei "bihotza" ireki zaiela eta Ukrainako gerratik ihesi datozenentzat aldi baterako babesteko erregimena aktibatzea erabaki dutela, baina hori "ezerezean" gelditu dela ginerako errefuxiatuentzat.
Azpimarratu dute errefuxiatu ukrainarrak Europar Batasunean "duintasunez" hartzea babesten dutela, baina beste toki batzuetatik datozenei ere tratu bera ematea eskatu dute.
Hori dela eta, korridore humanitarioak sortzea eskatu dute, Greziako errefuxiatu-esparruetatik gaixorik dauden ahalik eta haur gehienak Euskadira ekarri ahal izateko. Hasiera batean, 25-40 haur ekartzeko nahia aipatu dute, eta Euskadira iristean erakundeen babesa jaso dezatela eskatu, Ukrainatik datozenekin egiten den bezala, eta aldi baterako bizilekua baimentzea arrazoi humanitarioengatik.
Horregatik, sinadura bilketa bat hasiko dute, atzerritarren ezohiko erregularizaziorako Herri Ekimen Legegilea izapidetu ahal izateko, eta gaurtik aurrera ekimen hori gizarteratuko dute, babes handiagoa lortzeko, baita Estatu mailan ere, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari idazkiak bidaltzeaz gain.
Halaber, adierazi dutenez, talde parlamentarioei idatziak bidali dizkiete eta dagoeneko bildu dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUko kideekin.