Gizartea -

Hizkuntza gutxituak

Ikus-entzunezko legeak "eskubideen urraketa betikotuko" duela salatu dute Kongresuaren aurrean

Galizieraren, euskararen, katalanaren eta asturieraren erakundeetako ordezkarien ahotan, "berdintasunerako aukera galdu da, eta legeak gure hizkuntzak ikus gabetuko ditu pantailetatik".

Elkarretaratzea Diputatuen Kongresuko atarian. Irudia: Euskalgintzaren Kontseilua
Elkarretaratzea Diputatuen Kongresuko atarian. Irudia: Euskalgintzaren Kontseilua
Elkarretaratzea Diputatuen Kongresuko atarian. Irudia: Euskalgintzaren Kontseilua

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galizieraren (A MESA), euskararen (Euskalgintzaren Kontseilua), katalanaren (Plataforma per la Llengua, Omnium, ACPV, Escola Valenciana eta FOLC) eta asturieraren (Iniciativa pol Asturianu) erakundeetako ordezkariek Ikus-entzunezko lege orokorra salatu dute Espainiako Diputatuen Kongresuaren atarian: "Europako hizkuntza errealitateari muzin egin zaio, Estatuko berezko hizkuntzen presentzia duina ez dela bermatuko. Zinez uste dugu berdintasunerako aukera galdu dela, eta legeak gure hizkuntzak ikus gabetuko dituela pantailetatik. Are gehiago, eskubideen urraketa betikotuko da".

Eragileek elkarretaratzea egin dute Ganberaren aurrean. Protesta hasi eta berehala, erakundeetako ordezkariek hartu dute hitza, tartean, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Horrela, erakundeetako ordezkariek legearen prestakuntza-prozesuari egin diote erreferentzia: "Hizkuntzen aldeko gizarte eragileek jarrera proaktiboa izan dugu, besteak beste, aurreproiektuetan ekarpen zehatzak eginez, alderdiei gure proposamenak helaraziz, herritarrak aktibatuz eskaera soziala badela erakusteko… Hori horrela izanik ere, entzungor egin zaie gure eskaerari, eta beraz, esan daiteke herritarren eskaera ez dela inondik inora kontuan hartua izan".

Halaber, gogora ekarri dute aurreko astean bertan egon direnek beste eragile batzuekin (katalanaren aldeko CIEMEN, ACV Tirant lo Blanc eta OCB nahiz aragoieraren aldeko NOGARA) aurreko astean adostutako adierazpenean jasotakoa.

"Hizkuntza guztietarako gutxienekoak plataformen katalogo-kuotetan, TVEko emankizunetan eta finantzaketa aurreratuan sartzeko erakundeek egindako presio politikoa eta soziala erabakigarria izan bada ere, txertatutako aldaketak erabat eskasak eta testimonialak dira, osotasunaren % 0,35 eta % 2,55 artean kokatzen baitira. Alegia, hizkuntza-aniztasuna bermatzeko asmoz ezarriko diren kuotak testimonialak dira", gogorarazi dute.

Eragileek esan bezala, orain arte, ikus-entzunezko legeria orokorrak gaztelaniarako baino ez ditu ezarri nahitaezko gutxieneko edukiak eta finantzazioa, eta edukirik gabeko erretorikatik kanpo, ez die inolako aipamenik edo aitorpenik egin Espainiako Estatuan dauden beste hizkuntzei.

Hori dela eta, haurrei, gazteei eta, oro har, ikusleei galarazi die beren hizkuntzan gozatzea telebista-saioen, telesailen eta filmen eskaintza zabala, kritikatu dutenez. "Tamalez, lege berriak ez du aldaketa esanguratsurik ekarriko horri dagokionez", esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Katalunia Euskara Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Galizia Asturias Euskalgintzaren Kontseilua