Itxi

Gizartea

hezkuntza

Behin-behineko irakasleak bermatzeko "borondate falta" ezkutatu nahi izana egotzi dio ELAk Jaurlaritzari

agentziak | eitb media

Sindikatuaren arabera, Hezkuntza Sailak "arreta desbideratu" nahi du aldi baterako 13.000 irakasleengandik. Steilasek, LABek, CCOOk eta UGTk, bestalde, akordioa babestu dute Eusko Jaurlaritzarekin batera.

  • Ikastetxe bateko gela. Artxiboko argazkia: EITB Media

    Ikastetxe bateko gela. Artxiboko argazkia: EITB Media

ELA sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren eta Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen arteko negoziazio-mahaian ostegun honetan sinatutako akordioak 13.000 behin-behineko irakasle bermatzeko Hezkuntza Sailaren "borondate falta" ezkutatzea eta "arreta gaiarengandik desbideratzea" ditu helburu.

Adierazpen batean, ELAk nabarmendu du agiriak ez duela zehazten edukiek euskal eskoletan izan dezaketen "eragin erreala zein den". Hala, adierazi du sinatutakoaren ondorio zehatzak ezagutzeko "hausnarketa eta analisi sakonago bat" beharrezkoak direla.

Sindikatuaren aburuz, ratioei dagokienez "agerikoa da" Haur Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan ez dagoela "inolako hobekuntzarik", eta gainerako mailetan "ratioen murrizketa minimoa" dela.

Era berean, "bereziki kezkagarri" jo du gehienezko ratioak aplikatzeko politika "ez mugatzea". Hortaz, uste izan du litekeena dela Hezkuntza Sailak "gehienezko ratioak baimendutako maximoarekin gela bakoitzeko ikasle talde bakarra osatzen jarraitzea, bi talde eratu badaitezke ere". Ondorioz, "gela batzuk maximoetan egongo dira beti".

Bukatzeko, ELAk iragarri du mobilizazioak sustatzen jarraituko duela, aldi baterako 13.000 irakasle bermatzeko. Zentzu horretan, datorren astelehenean, 17:30etan, elkarretaratzeak izango dira Donostiako eta Bilboko Hezkuntza delegazioen aurrean.

LABek dio ratioen murrizketak arreta hobetuko duela

LAB sindikatuak, bestalde, nabarmendu du akordioan jasotako ikasleria/gela ratioen murrizketak eta ikasleria/irakasle ratioen ezarpenak "irakasleriaren lan-kargak doitzea eta ikasleenganako arreta hobetzea" baimenduko dutela.

Ohar batean, LABek adierazi du akordioak "unekoak baino baldintza hobeetan" kokatzen duela Euskal Eskola Publikoa. Gainera, azpimarratu duenez, "funtzionamendu sailekin lotutako lanpostuak egiturazko bilakatzeko aukera ematen du".

Era berean, nabarmendu du, "eskoletan formakuntza eta berrikuntza proiektuak koordinatuko dituzten langileen eransketak sindikatuarentzako lau oinarrizko gakoak azpimarratzeko bidea irekiko du: eraldaketa pedagogikoa, hezkidetza, euskararen normalizazioa eta inklusioa".

"Gaurko aurrerapauso hau etorriko direnen artean lehena izatea" espero du sindikatuak, eta baietsi du badela garaia "lan-baldintzak zein irakasleriaren lizentziak eta baimenak arautzen dituen akordioan ere pausoak emateko".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena