Gizartea -
Gazte Justizia
Delitu bat berriz egiten duten adingabeen tasak lau puntu egin du behera 2018tik
Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, gazte justiziaren berrerortze tasa % 13,1ekoa da, lehen azterlanak utzitako % 28,1etik urrun. Gazte justizia delituren bat egin duten 14-17 urteko gazteei aplikatzen zaiena da, eta birgizarteratzea du helburu nagusi.
E. G. | EITB MEDIA
Delituren bat egiteagatik zigortutako adingabeen % 13,1ek berriro egin zuen 2018 eta 2021 urteen artean, aurreko aldian (2018-2021) baino lau puntu gutxiago (% 17,6koa izan zen), Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak emandako datuen arabera.
Adingabeen artean dagoen berrerortze tasa hizpide hartu du gaur Artolazabalek Donostian gazte justiziaren inguruan egin duten jardunaldi batzuetan. EHUko Kriminologiako Euskal Institutuak (KREI) antolatu du jardunaldia, Gipuzkoako campusean. Gazte justizia delituren bat egin eta horregatik zigorra jasotzen duten 14-17 urteko adingabeei ezartzen zaiena da. Helburu nagusia nerabe eta gazteok birgizarteratzea da.
Hori horrela, berrerortze tasa jaistea albiste ona dela nabarmendu du Artolazabalek: "Egin zen lehen azterlanak % 28,1eko berrerortze tasa erakutsi zuen. Pixkanaka, jaisten joan zen, eta 2015-2018 aldiko azterlanean % 17,6koa izan zen". Gogorarazi duenez, legegintzaldi honetarako helburua berrerortzearen tasa % 15etik beherakoa izatea zen.
Jardunaldian gazte justizian aditu diren pertsonak hartu dute parte, eta gehienek "100 años de acompañamiento en Justicia Juvenil. Investigación evaluativa y retos futuros" liburua idazten parte hartu dute. Gaurko saioan euren ekarpenak aztertu dituzte mahai inguruan.
Bestalde, Patxi Lopez Cabello Eusko Jaurlaritzako Gazte Justizia Zerbitzuko buruak emandako datuen arabera, 2001aren eta 2020aren artean, 18.663 neurri ezarri ziren, 933 batez beste urtean; haietatik, % 84,66 mutilei ezarri zitzaizkien eta % 15,33, neskei.