Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat kartzelatu dute Tuteran emakume bati sexu erasoa egiteagatik
Biktima kolpatzea eta indarkeria erabilita lapurreta egitea ere leporatu diote 31 urteko gizonezkoari. Erasoa igande gauean gertatu zen, Erriberako udalerriaren kanpoaldean.
Agentziak| EITB Media
31 urteko gizonezko bat atxilotu eta kartzelatu dute Tuteran (Nafarroa) 39 urteko emakume bati sexu erasoa egiteagatik. 39 urteko biktima kolpatzea eta indarkeriaz lapurreta egitea egotzi diote, Espainiako Poliziak ohar batean jakinarazi duenez.
Gizonezkoa igandeko gauerdian atxilotu zuten, erasoa jazo eta lau ordura. Ondoren, epailearen esku utzi zuten, eta horrek espetxera bidali zuen sexu eraso, lesioak eta indarkeriazko lapurreta delituak egotzita.
Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, igandeko 20:00etan laguntza eskatu zuen Tuterako kanpoaldean zegoen emakume batek. Emakumeak arropa apurtuta zeukan eta urratuak zituen gorputzean eta aurpegian. Agenteei azaldu zienez, gizon batek egin zion eraso, eta bera bortxatzen saiatu zen.
Horren hitzetan, bakarrik zegoela baliatuta eraso zion gizonak, eta birritan saiatu zen bortxatzen. Azkenean, baina, ihes egin zuen biktimaren lagun bat hurbiltzen ari zela ikusi zuenean. Gainera, 1.300 euro balio duen sakelekoa ebatsi zion, indarrez.
Biktima ospitalean artatu behar izan zuten.
Poliziak ikerketa abiatu zuen emakumearen salaketa oinarri hartuta, eta handik ordu batzuetara, ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuen.