Gizartea -
kontsumoa
Salmonella atzeman dute Lidl supermerkatuetan saldutako hegazti-haragi txikituan
Oraingoz, ez dute elikadura-alertarekin lotutako salmonella kasurik atzeman.
agentziak | eitb media
Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) ostegun honetan ohartarazi duenez, salmonella atzeman dute espainiar Estatuan Lidl supermerkatu kateak merkaturatutako hegazti-haragi txikituan. Unera arte, ez dute kasurik atzeman herrialdean.
Hegazti-haragi txikitua da produktua ('Burger Meat de Pollo-Pavo' izenpean), eta agentziak horren kontsumoa ekiditeko aholkatu die erosi duten pertsona guztiei, eta "erosketa-puntura itzultzeko".
Hain zuzen ere, Lidlek merkaturatutako artikulua 500 gramoko plastikozko erretiluan aurkezten da eta izoztuta saltzen da; 10.027476/Z da Elikadura Enpresa eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorreko Zenbakia (RGSEAA) eta 3369 sorta-zenbakia, 2022ko ekainaren 3ko iraungitze-datarekin.
Aragoik Informazioa Azkar Trukatzeko Sistema Koordinatuaren (SCIRI) bitartez salmonellaren agerpena helarazi ostean jaurti du AESANek oharpena, eta orain erkidego orotako autoritateei bidali die, merkatutik baztertzen dutela egiaztatzeko.
"Nolanahi ere, orain arte eskuragarri dugun informazioarekin, Espainian ez da elikadura-alerta honekin lotutako kasurik atzeman edo jakinarazi", azpimarratu du oharrak.