Gizartea -
eguraldia
Euskadik abisu horia ezarriko du larunbat arratsaldean, prezipitazio bortitzen arriskuagatik
15:00ak eta 21:00ak bitarte egongo da indarrean abisua. Ordu horien artean, zaparrada ekaiztsuak egongo dira, zenbait tokitan gogorrak izan daitezkeenak, eta txingorrak ere lagunduta.
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarriko du Euskadin larunbat arratsalderako, prezipitazio bortitzen arriskuagatik. Ordubetean metro karratuko 15 litroak gainditu litezke.
Hala, 15:00etatik 21:00etara egongo da indarrean abisua. Ordu horien artean, zaparrada ekaiztsuak egongo dira, zenbait tokitan gogorrak izan daitezkeenak, eta txingorrak ere lagunduta. Ekaitz-guneetan, haize boladak biziak edo oso biziak izan litezke.
Ostiral honetan ere, txingorra gogotik bota zuen Gipuzkoan, barrualdean bereziki, baita Arabako eta Bizkaiko zenbait puntutan ere.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak giro nahasia aurreikusi du ekaineko lehen astebururako. Ekaitzak eta hodeiak izango ditugu lagun eta, igandean bereziki, aurreko egunetakoak baino tenperatura freskoagoak.
Joeraren arabera, astelehenetik aurrera argitzera egingo du aroa.