Gizartea -

nafarroa

Elkarretaratzea egin dute Tuteran, Bardeako tiro eremuaren hitzarmena berritu ez dezatela eskatzeko

Ehun pertsona baino gehiago bildu dira igande honetan, Aireko Armadak Bardea Errealetan egiten dituen maniobrak salatzeko. Gainera, 1979an Tuteran egindako protesta antinuklear batean Guardia Zibilak hildako Gladys del Estal gazte ekologistaren heriotzaren urteurrena ere bada.

Igande honetako elkarretaratzea, Tuteran. Argazkia: @IzdaNavarra
Igande honetako elkarretaratzea, Tuteran. Argazkia: @IzdaNavarra
Igande honetako elkarretaratzea, Tuteran. Argazkia: @IzdaNavarra

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehun pertsona baino gehiago bildu dira igande honetan Tuteran, Antipoligono Asanbladak deituta, Aireko Armadak Bardea Errealetan egiten dituen maniobrak salatzeko eta Defentsarekin duten tiro eremuaren hitzarmena berritu ez dezatela eskatzeko, 2028an indargabetu ostean.

Tuterako Plaza Berrian izan da elkarretaratzea, "Gerrarik ez" lelopeko pankarta atzean, eta "Bardeak bakearen alde" edo "NATO ez, baseak kanpora" gisako oihuak entzun dira.

Gladys del Estal gazte ekologistaren heriotzaren urteurrena omenduz hasi dute ekitaldia. 1979an hil zuen Guardia Zibilak Tuteran, protesta antinuklear batean; duela 43 urte, alegia.

Elkarretaratzean zehar irakurritako adierazpen batean plataformak nabarmendu duenez, "tamalez, gerra asko daude egun, Ukrainakoa eta bestelakoak, eta gerra egoera horiek agerian uzten dute instalazio militar batetik hurbil bizi garenok daukagun arriskua".

Hori dela eta, gaineratu du plataformak, "Bardeako tiro eremua eraisteko eskakizuna inoiz baino garrantzitsuagoa da orain. Lur-zati hori askatu nahi dugu, beti izan behar izan duena izaten jarrai dezan: lur eder bar, balore naturalekin, parke naturalaren merezidun egin duten giza-erabilera paregabeekin etan biosfera erreserba oso batekin".

Plataformaren arabera, Nafarroako erakunde zibilak "lanean hasi behar dira; 2028an, Bardeen eta Defentsaren arteko uneko kontratua amaitzean, hitzarmen berririk egon ez dadin, eskaintzen dutena eskaintzen dutela".

Data horretan "iritsiko da egiaren garaia. Gure ordezkari diren erakundeek, bereziki Nafarroako zein Aragoiko gobernuek eta inguruko udalek ezin dute gaia alde batera utzi, orain arte egin izan duten moduan", azpimarratu du plataformak.

"Ez dugu amore emango. Eraispena lortuko dugulako segurtasuna bermatzeko mugitzen ari gara, eta oroitzapen kaskar bilakatuko da hau", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal hiriburuak Albisteak Nafarroa Tutera berriak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Ingurumena