Gizartea -
Mediterraneoa
Horrela trebatzen dira 'Aita Mari' ontziko marinelak, erreskateak aurrera eramateko
Oscar Palacios ontziko lehen ofizialak azaldu duenez, une horretan "kontu handia izan behar dute; kontaktuaren unea oso ongi kudeatu beharra dago".
EiTB Media
Aita Mari erreskate ontzia Jijel (Aljeria) parean dago jadanik, Mediterraneo Erdialdera bidean. Erreskate eremura lehenbailehen heldu nahi du tripulazioak, eguraldi txarra saihesteko.
Asier Sanchez EiTB Mediako berriemaileak jakitera eman duenez, euskal ontziko kapitainak osteguneko lehen orduan erreskate eremuan egon nahi du, ostiralean eta asteburuan eguraldiak okerrera egitea espero dutelako, eta nabigazioa ia ezinezkoa izango delako.
Bitartean, erreskateei aurre egiteko prestatzen ari dira etengabe. Horretarako, simulakro bat egin dute azken orduetan. Oscar Palacios Aita Mari-ko lehen ofizialaren hitzetan, une horretan "kontu handia izan behar dute; emozioa jendearen salbatzeko gogoekin uztartzen delako; kontaktuaren unea oso ongi kudeatu beharra dago".
Edu Thiam marinel interpreteak azaldu duenez, "aurrena, laguntzeko, erreskatatzeko, gaudela ziurtatu behar diegu; eta jaramon egitea oso garrantzitsua da, lana baldintza onetan egin ahal izateko".
Zentzu horretan, argi geratu da erreskatatuak lasaitzea lehentasuna dela, ondoren zortzinaka txalupatan sartu eta Aita Mari-ra hurbiltzeko eta ontziratzeko.
Azkenik, Izaskun Arriaran misioko buruzagi eta erizainak erantsi duenez, "ontziratzean, egiten dugun lehen gauza, eskumuturreko eta zenbaki batekin identifikatzea da, datu guztiak biltzea oso zaila delako; are gehiago, heltzen diren unean, nahiko estresagarria delako".
Ondoren, triage bat egiten dute, norbait "premiaz artatzea beharrezkoa balitz, erizaindegian sartu eta artatuko genukeelako", gaineratu du.