Gizartea -

Indarkeria matxista

Bilboko Udala herri-akusazioa izango da Atxuriko hilketa-saiakeraren auzian

Joan den apirilean, 36 urteko gizon batek su eman zion etxebizitza-lonja bati bere bikotekidea hiltzeko asmoz. Erasotzailea atzo atxilotu zuten eta gaur Bilboko udaletxeko talde politiko guztiek gertakaria gaitzetsi dute.

Bilboko udaletxea.
Bilboko udaletxea.
Bilboko udaletxea.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak aho batez salatu du joan den apirilaren 30ean Atxuri auzoan izandako hilketa-saiakera eta iragarri du herri-akusazio gisa aurkeztuko dela indarkeria matxista kasu horren harira abiatuko den prozesu judizialean.

Gertakariak apirilaren 30ean jazo ziren, baina erasotzailea atzo atxilotu zuten. Bikotekidearekin eta haren alaba txikiarekin konpartitzen zuen etxebizitza-lonjari su eman zion 36 urteko gizonak. Emakumea larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera.

Gaur, Bilboko Udalak gertakaria "irmotasun osoz gaitzetsiz" eta bere "samina" agertuz adierazpen instituzionala onartu du, "giza-eskubide guztien aurkako eraso larria eta onartezina" izan dela salatuta.

"Udal honek horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu", erantsi du. Halaber, erakundearen babesa helarazi dio emakumeari, baita haren senide eta lagunei ere.

Horrez gain, herritarrei dei egiten die "emakumeen aurkako edozein eraso" salatu dezaten, "keinu txikietatik hasi eta jarrera sexista eta muturreko erasoetaraino".

Bestalde, Udalak dio berdintasunean eta justizian oinarritutako gizartea lortzeko konpromisoari eusten diola eta, ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen du emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean "inolako tolerantziarik ez agertzea" eta "eraso guztiak zigortzea".  

"Eraso horien guztien aurka agertu behar gara. Erasoen aurrean ezin gara isildu eta salatu egin behar ditugu, biktimak babestuz. Banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean", azpimarratu du adierazpenean.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa