Gizartea -
eguraldia
Sartu da enbata Bizkaitik
Bero-bolada betean, larunbat eguerdian hamar gradu baino gehiago jaitsi da tenperatura Punta Galean, hamar minutuan. 37,5 ºC ziren 13:30ean, eta 25,2 ºC, berriz, 13:40ean.
itxaso leon kareaga | eitb media
Iragarrita zegoen bezala, bero-bolada betean enbata iritsi da. Bizkaiko kostaldetik egin du sarrera eguerdi honetan, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez.
Punta Galean haizea ipar-mendebaldera aldatu da, eta giroa freskatu du. 50,3 km/h-ko boladak antzeman dituzte bertan. Era berean, Zorrotzan ere aldatu da haizea, 52,2 km/h-an, eta tenperatura jaitsiarazten ari da. Hamar gradu baino gehiago jaitsi da hamar minutuan, izan ere, 37,5 ºC ziren 13:30ean, eta 25,2 ºC, berriz, 13:40ean.
Larunbat goizeko bero itogarria gorabehera, enbataren sarrerarekin ekaitzak izan daitezke arratsaldean. Hegoaldeko haizea ibiliko da, aurreko egunetan baino biziago, eta tenperatura 40 ºC ingurura iritsiko da ia lurralde osoan.
Kostaldean izaten ari den haizearen ipar-mendebalderako aldaketarekin eta bolada gogorrekin, tenperatura nabarmen jaitsiko da eguerditik aurrera. Aldaketa Bizkaiko kostaldean nabarituko da lehenbizi, eta ondoren ekialdera eta barnealdera hedatuko da. Ordutik aurrera, hodeiak ugarituko dira eta ezegonkortzera egingo du; litekeena da hainbat txokotan ekaitzak jotzea. Ekaitzak izaten diren tokietan, haize-bolada oso gogorrak izan daitezke eta kazkabarra ere egin dezake.
Nafarroan, aldaketa ez da horrenbeste nabarituko. Gaur, larunbata, alerta laranja foru erkidego osora zabalduko da. 41 graduko maximoak espero dira Erriberan; 40 gradukoak, erdialdean; 39koak, isurialde kantauriarrean eta 37koak, Pirinioetan.
Ipar Euskal Herrian ere, alerta laranja indarrean egongo da larunbatean zehar. Meteo Francek kanikula edo uda minagatik aktibatu du alerta laranja Pirinio Atlantikoetako departamentu osoan.
Gainera, aktibo dirau Euskal Autonomia Erkidegoan abisu laranjak; tenperatura altu iraunkorragatik, baso sute-arriskuagatik eta muturreko tenperatura oso altuengatik. Abisu horia ere ezarri dute, enbatak eragindako itsasaldeko arriskua dela eta.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, igandean tenperatura maximoak asko jaitsiko dira. Hegoaldean oraindik ere bero egingo du, batez ere Nafarroan, baina, oro har, jasangarriagoa izango da: barnealdean 30 ºC inguruko maximoak izango dira eta kostaldean 25 ºC ingurukoak.
Hegoaldean giro argia gailenduko da, baina arratsaldean bero-hodei batzuk ikusiko ditugu. Kantauri isurialdean, ipar-haizea ibiliko denez, behe-hodeiak izango dira, ugariagoak goizaldean eta arratsalde-gauean. Ez da baztertzen egunaren amaieran euri apur bat egin dezakeenik. Goizean eta eguerdi inguruan ostarteak ikusiko ditugu ipar partean.
Astelehenean, bestalde, zerua estaliago egongo da, batez ere kantauri isurialdean. Behe-hodei dezente izango dira eta goizaldean eta goizeko lehen orduetan bereziki, zirimiria egin dezake. Hegoaldean giroa eguzkitsuagoa izango da eta oraindik ere uda sasoiko tenperatura neurtuko da. Iparraldean tenperatura maximoak apur bat gehiago jaitsiko dira.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.