Itxi

Gizartea

MANIFESTAZIOA

Osakidetzako sindikatuek Lehen Arretaren egoera salatu dute Bilbon, eta negoziazioaren alde agertu dira

i.l.k. | eitb media

"Osakidetza salba dezagun" lelopean, SATSE, ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek manifestazioa deitu dute "lehen arreta desegiten" ari direla salatzeko. "Gertuko arreta, presentziala, sendoa, publikoa eta kalitatezkoa" aldarrikatu dute.

01:35

Milaka lagunek bat egin dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetza defendatzeko Bilbon deitu duten manifestaziorekin, eta lehen mailako arretaren egoera "larria" salatu dute, besteak beste. Goizeko 12:00etan abiatu da martxa, Bilboko Jesusen Bihotza Plazatik.

"Osakidetza salba dezagun" lelopean, sindikatuek "Lehen Arretaren eraispena" salatu dute, eta "kalitatezko eta hurbileko arreta" bat eskatu dute, "aurrez aurrekoa, sendoa eta publikoa".

Gaurko protestaren ostean, sindikatuek negoziazioaren aldeko apustua egin dute. Izan ere, "posible da osasungintza publikoan ditugun arazoak konpontzea; borondate eta inbertsio kontua da".

Hori dela eta, Osakidetzaren mahai sektorialeko negoziazio kolektiboari berrekiteko asmoa agertu dute, baina "langileek dituzten arazo guztiez hitz egiteko, ez Osakidetzak jorratu nahi dituenez soilik".

Osakidetzako sindikatuen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE

Osakidetzako sindikatuen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EFE

Hala, Osakidetzako sindikatuek erantzun bateratua eman diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Lehen Arretako medikuen falta dela eta duela bi aste iragarritako berrantolaketari. Guztien iritziz, Sagarduiren adierazpenek argi utzi dute osasungintza publikoaren desegitea martxan dagoela.

SATSE, ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek "oso larritzat" jo zituzten orduan Osasun sailburuaren hitzak. Hala ere, Esther Saavedrak ELAko ordezkariak sindikatu guztien izenean esan zuen Sagarduiren iragarpenak ez zituela ezustean harrapatu.

Adierazi du "pandemiaren aurretik datorren joera dela Osakidetzan murrizketak ezartzearena. Ez soilik lehen arretako zerbitzuan, baita gainontzeko zerbitzu guztietan ere".

Nahita bilatutako egoera izan da sindikatuen esanetan. "Osasun Sailak jakin bazekielako egoera hau iritsiko zela, eta, hala ere, ez duela ezer egin arazoari irtenbidea emateko", esan du Saavedrak.

Asteazken honetan ere, itxialdiak egin zituzten murrizketak izango diren Lehen Arretako zentroetan.

Osakidetzako sindikatuen manifestazioa, Bilboko udaletxe parean. Argazkia: @LABbilbo

Osakidetzako sindikatuen manifestazioa, Bilboko udaletxe parean. Argazkia: @LABbilbo

Lan karga handia, baliabide urriak

Manifestazioaren atarian, Amaia Mayor SATSE erizainen sindikatuko bozeramailea eta Esther Saavedra Osakidetzako ELAko arduraduna Radio Euskadiko Boulevard saioan izan ziren ostiralean. Horien hitzetan, familia-medikuntzako medikuen falta "profesionalek beste espezialitate batzuetara, osasun pribatura edo atzerrira ihes egiteagatik" gertatu da, besteak beste.

Saavedrak adierazi zuenez, profesionalen balizko gabezia hori Osakidetza "desegiteko aitzakia ezin hobe" bihurtu da, eta zehaztu zuen langile eskasiarik gabeko kategorietan ere, hala nola administrazioaren arloan, "gainkarga" dagoela eta horregatik egin dutela bat grebekin. Era berean, "plantilla indartzeko edo ordezkatzeko borondaterik eza" salatu zuen.

Gainera, udan baldintzak are gehiago okertzen direla azpimarratu zuten, ez direlako oporrak eta absentziak ordezkatzen.

Saavedra: "Gurpil horretan, arazoak asistentzia-maila guztiei eragiten die"

Erizainek zerbitzu txarra ematen ari izatearen etengabeko sentsazioa dutela ere nabarmendu zuten ordezkari sindikalek.

LEPei eta egonkortze-prozesuari dagokienez, ordezkari sindikalek ohartarazi zuten egun % 58koa dela behin-behinekotasun tasa; aldi baterako 24.600 langilerekin, eta eskaini diren 3.700 lanpostu finkoekin % 50era baino ez dela murriztuko behin-behinekotasuna, legeak ezarritako % 8tik oso urrun. Legeak plaza gehiago eskaintzeko tarte zabalagoa eskaintzen duela ziurtatu zuten, adibidez, plantillak handitzeko espedienteen bidez.

Saavedraren arabera, "hau kate bat da, nire osasun-zentrora deitzen badut eta hitzordua bost egun barrurako ematen badidate, EAG batera joango naiz, eta, itxita badago, azkenean, Larrialdietara joango naiz. Gurpil horretan, arazoak asistentzia-maila guztiei eragiten die".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena