Gizartea -
UDA EUSKADIN
Udan autoa prest izateko eta modu seguruan bidaiatzeko aholkuak
Ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatu; jokabide arriskutsuak saihestu; zuhurtziaz, arduraz eta errespetuz gidatu eta segurtasun-tarteak mantendu. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak uda honetan joan-etorriei aurre egiteko emandako gomendioetako batzuk.
EITB MEDIA
Uda honetan autoarekin bidaia bat egiteko garaian, oso garrantzitsua da aurretik ibilgailua ondo prestatuta dagoela ziurtatzea segurtasuna bermatze aldera. Halaber, beste zenbait alor ere izan behar ditugu kontuan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak honako gomendio hauek egin ditu:
- Ibilgailuaren egoera ona ziurtatu, eta mantentze lanak eguneratuta izan: gurpilak ondo daudela ziurtatzea, seinaleztatzeko objektuak une oro autoan eramatea, edo balazten, argien eta lekukoen funtzionamendu egokia baieztatzea, besteak beste.
- Gidatu aurretik ez kontsumitu alkoholik ez drogarik, eta ez egin otordu oparorik. Sendagairen bat hartuz gero, ziurtatu ez duela ondoriorik gidatzeko orduan.
- Abiadura eta gidatzeko era trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteen oharrei.
- Saihestu arrisku-portaerak eta arretaz, arduraz eta gainerako gidariak errespetatuz gidatu, batez ere kolektiborik zaurgarrienak, hau da, motor-gidariak eta txirrindulariak.
- Segurtasun tarteak gorde.
- Atseden hartu bi orduz behin edo 200 kilometroz behin.
- Bidaian irten aurretik, begiratu errepideen egoera. Eusko Jaurlaritzak uda osoan indartuko du errepideen egoerari buruzko informazioa informazio-mezuen panelen, www.trafikoa.euskadi.eus web-orriaren, TrafikoaEJGV app-aren, Twitter mezuen eta 011 telefono-zenbakiaren (24 orduz erabilgarri dagoena) bitartez.