Gizartea -

POLONIA

Atxiloaldia luzatzearen aurka Pablo Gonzalezek jarritako helegitea atzera bota du Poloniako auzitegi batek

Otsailaren 28an atxilotu zuten kazetari bizkaitarra Polonian, Ukrainako mugatik oso gertu, gerrari buruzko informazioa lantzen ari zela.

Pablo Gonzalez kazetaria, artxiboko irudi batean.
Pablo Gonzalez kazetaria, artxiboko irudi batean.
Pablo Gonzalez kazetaria, artxiboko irudi batean.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Gonzalez kazetariak bere atxiloaldia hiru hilabetez luzatzeko erabakiaren kontra jarritako helegitea atzera bota du Rzeszoweko (Polonia) Apelazio Auzitegiak. Lau hilabete baino gehiago daramatza preso, eta joan den maiatzaren 25ean erabaki zuen Przemysleko auzitegiak kazetariaren behin behineko atxiloaldia luzatzea, fiskalak hala eskatuta. "Apelazio Auzitegiak ez du gure eskaria ontzat eman, eta Gonzalezek preso jarraitu beharko du", jakinarazi du Bartosz Rogalak, kazetari bizkaitarra Poloniako auzitegietan defendatzen ari den abokatuak.

Otsailaren 28an atxilotu zuen kazetaria Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziak Polonian, Ukrainako mugatik oso gertu. Errusiako inteligentzia militarrarentzat lanean aritzea egotzi zioten, eta 10 urtera arteko kartzela-zigorra jaso dezake.

Joan den astean, Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen emaztea eta Gonzalo Boye abokatua Eusko Legebiltzarrean izan ziren, Europako Gaietarako eta Kanpo Harremanetarako Batzordean, kazetariaren egoeraren berri emateko. Bikotekideak azaldu zuenez, senarra atxilotu zutenetik lau hilabete igaro direnean, egoera berdina da oraindik familiarentzat, "berarekin zuzenean komunikatu ezinik" jarraitzen dutelako.

Goirienaren hitzetan, komunikazio hori ukatzeko aitzakiak edo arrazoiak aldatu egin dira hilabete hauetan zehar. Hasieran, Espainiak Polonian zuen kontsulak esaten zion Polonian burokrazia oso motela zela, eta Gonzalezen abokatu poloniarrak iradokitzen zion agian bera ere inplikatuta egon zitekeen susmoa zutelako izango zela. Orain, ordea, poloniar-espainiar aldi bereko itzulpenik ez egotea omen da arazoa. "Zentzugabea eta eskandalagarria da, baliabide teknologikoak daudelako; borondate politikoa da falta dena, eta hori salagarria da", esan zuen.

Bestalde, Boye abokatuak berretsi zuenez, Gonzalezen egoerak "ez du betetzen Europar Batasunak ezarritako baldintzetako bakar bat ere bermedun prozesutzat hartua izateko". Kazetariaren eskubideak bermatzeko "interesik, kezkarik eta jarduerarik eza" aurpegiratu zion Espainiako Gobernuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europar Batasuna Ukraina Europa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza Errusia-Ukraina gerra Polonia