Gizartea -
Proposamena
Lehendakariak Local2030eko Nazio Batuen egoitza Bilbon kokatzeko proiektua aurkeztuko du astelehenean
New Yorken egingo du bideo baten bidez; Bilboko alkateak eta Espainiako Gobernuko hainbat kidek ere parte hartuko dute aurkezpenean. Nazio Batuek berariaz diseinatu dute Local2030, Garapen Jasangarrirako Helburuak estatuz azpiko eremuan betetzen laguntzeko.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak Nazio Batuen Local2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza Euskadin, hain zuzen ere Bilbon, kokatzeko proiektua aurkeztuko du astelehenean, hilak 11, New Yorken egingo den High Level Political Forumean. Aurkezpena bideo baten bidez egingo du; Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako espainiar ministroak eta Ione Belarra Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren Espainiako Gobernuko ministroak ere hartuko dute parte. Nazio Batuek berariaz diseinatu dute Local2030, Garapen Jasangarrirako Helburuak estatuz azpiko eremuan betetzen laguntzea helburu.
Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan prentsa-ohar batean azaldu duenez, HLPF edo Goi Mailako Foro Politikoa Gobernuen arteko urteroko topaketa da, eta bertan herrialdeek Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko aurrerapenen berri ematen dute. HLPF 2022 uztailaren 5etik 15era garatzen ari da New Yorken.
2030 Agendaren eta haren 17 Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) lokalizazio-prozesu globalaren bidez, Agenda planetako tokiko, eskualdeko eta estatuz azpiko Gobernu bakoitzean ezartzeko konpromisoa errotu nahi da, erakunde-maila guztien arteko koherentzia sustatuz eta lankidetza publiko-pribatua eta soziala mugiaraziz.
Helburu horrekin, Nazio Batuek Local2030 Koalizioaren plataforma bultzatu dute, UN-Habitat erakundeak, eta, txandaka, Nazio Batuen beste agentzia batzuek gidatuta. Local2030 espresuki diseinatu da GJHak betetzen laguntzeko eta bizkortzeko estatuz azpiko eremuan; izan ere, esparru horretan gauzatzen dira 2030 Agendarekin lotura zuzenena duten hainbat eskumen. Koalizio honek bere Idazkaritzarako erreferentziazko egoitza global bat izatea aurreikusi du.
Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuarekin, Bilboko Udalarekin eta BBK Fundazioarekin lankidetzan, Bilboren hautagaitza aurkeztu du Local2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza hartzeko. Proposamena onartuz gero, egoitza hori Euskadiko Artxibo Historikoaren Bilboko eraikinaren seigarren solairuan kokatuko litzateke.
Lehendakaritzak biziki bultzatu du Euskadiko hautagaitza aurkezteko prozesua 2021eko hasieratik, Jaurlaritzaren esanetan: "Urte luze honetan, harreman eta elkarrizketa ugari izan dira, hasiera batean Espainiako Gobernuarekin eta Nazio Batuekin, eta, azken etapan, Bilboko Udalarekin eta BBK Fundazioarekin".
"Aurkeztutako proiektua akordio baten emaitza da. Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman nahi dizkie Kanpo Arazoetako Ministerioari, Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren Ministerioari, bai eta Bilboko Udalari eta BBK Fundazioari ere".
Proiektua aurkeztu ondoren, Nazio Batuen Local2030 Koalizioari dagokio, ONU-Habitat erakundeak eta, aldi horretan, Garapenerako Nazio Batuen Programak (NBGP) batera, hautagaitza horri buruzko behin betiko erantzuna ematea. Eusko Jaurlaritzak espero du aldekoa izatea, eta Nazio Batuen Local2030 Koalizioaren Idazkaritzaren euskal egoitza aurten bertan inauguratu ahal izatea.
Jonan Fernandez, Radio Vitorian
Nazio Batuen Erakundearen Local2030 Koalizioaren Idazkaritza Euskadin kokatzeko proiektuaren aurkezpenaren harira, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean honakoa adierazi du: "2030 Agendaren lokalizazioaren arloan eta erakundeen arteko lankidetzaren, lankidetza publiko-pribatuaren eta gizarte zibilarekin partekatutako lanaren arloan Euskadin egindako ibilbidea dela eta, Bilbo kokapen egokia da Nazio Batuen Erakundearentzat".
Gogorarazi duenez, Europako Batzordeak Euskadi GJHak ezartzen aitzindaria den eskualdea zela adierazi zuen; hain zuzen, Eusko Jaurlaritza izan zen, "2017an, Nazio Batuen Erakundean Urteko Jarraipenerako Borondatezko Txostena aurkeztu zuen lehen Gobernu ez estatala. Euskadik, dagoeneko, bost txosten aurkeztu ditu urtero, eta buru jarri da autoebaluazioko txosten-mota horren aurkezpenean".
Testuinguru horretan, oraingoa ez da Eusko Jaurlaritza Nazio Batuen Goi Mailako Foro Politikoan egongo den lehen aldia; izan ere, 2018an eta 2019an ere HLPFn parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. Zehazki, 2019an, Iñigo Urkullu lehendakariak aurrez aurre aurkeztu zuen Euskadin bonu jasangarriak jaulkitzeko esperientzia Nazio Batuek New Yorken duten egoitzan.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritza Regions4 sareko burua da egun, garapen jasangarriaren alde lan egiten duten lau kontinentetako 41 Gobernu erregionalez osatutako nazioarteko sarean: "Euskadik eta bere erakundeek 2030 Agendaren lokalizazioarekin duten ibilbidea eta konpromisoa adierazten duten datuak dira, eta Nazio Batuen Erakundean aurkeztutako hautagaitza indartzen dute".
Jonan Fernandezek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak bi helburu lortu nahi ditu Local2030 Koalizioaren egoitza Bilbon kokatzeko proiektu honekin: alde batetik, "Nazio Batuekin aktiboki lankidetzan aritzea, Local2030 Koalizioaren Idazkaritzak ahalik eta hobekien bete ditzan bere helburuak eta eginkizunak"; bestetik, Fernandezek azpimarratu duenez, "Euskadi nazioarteko erreferente gisa indartzea da asmoa, Garapen Jasangarrirako Helburuen lokalizazioan eta 2030 Agendak ordezkatzen dituen eraldaketa sozialekiko, ekologikoekiko eta ekonomikoekiko konpromisorako".