Gizartea -

Araba

Atxilotu bat eta beste hiru ikertu Gasteizen, borroka batean gizon bati erasotzea egotzita

Biktimak hainbat zauri ditu buruan, eta ospitaleratu behar izan dute. Atxilotuak, ustez, aulki batekin eraso dio biktimari.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu eta beste hiruren aurkako izapideak hasi ditu Gasteizko Alde Zaharrean izandako borroka batean beste pertsona bati eraso eta lesioak eragitea egotzita.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, igande goizaldeko 04:00ak aldera Gasteizko Alde Zaharrean gertatzen ari zen borroka baten berri eman diote Ertzaintzari.

Inguruan zaintza-lanak egiten ari zen herritarren babeserako patruila bat bertaratu da, eta buruan odola zerien eta osasun-laguntza behar zuten zauriak zituen gizon bat aurkitu du.

Agenteek jakin ahal izan dutenez, lesioen eragileak lau gizon izan dira, eta, zehazki, haietako batek aulki batekin eraso egin ei dio biktimari.

Handik gutxira, udaltzainek jakinarazi diete liskar batean parte hartu duten lau susmagarri identifikatu dituztela, eta haien bulegoetan zeudela.

Hori dela eta, ustezko erasotzaileak identifikatu dituzte borrokan parte hartzeagatik, eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, Ertzaintzak 40 urteko gizonezko bat atxilotu du ustezko lesio-delitu bat egotzita biktimari eraso egiteagatik eta lesio handiak eragiteagatik.

Era berean, agenteek eginbideak ireki dituzte beste hiru akusatuen aurka, borrokan parte hartzea eta biktimari eraso egitea egotzita. Txagorritxuko ospitalean artatu behar izan dute biktima.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txagorritxu Ospitalea