Gizartea -
Indarkeria matxista
Kautelazko neurriekin aske geratu da Mendillorriko sexu-erasoaren ustezko egile gisa atxilotutako gizonezkoa
3.825 pertsona igaro dira Iruñeko Udalak Gazteluko plazan uztailaren 5etik 6ra antolatutako eraso sexistei buruzko informazio gunetik.
EITB Media
Libre gelditu da, guardiako eginkizunetan dagoen Iruñeko Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiko titularrak hala erabakita, joan den larunbatean, hilak 10, Mendillorri auzoan emakume batek salatutako bortxaketaren ustezko egilea delakoan Foruzaingoak goizean atxilotutako gizona.
Hala ere, kautelazko neurriak ezarri dizkio epaileak, eta, instrukzioak iraun bitartean, ikertuak ezingo du biktimarengandik 200 metro baino gutxiagora gerturatu, ezta harekin komunikatu ere.
Prozedura judizial hori Iruñeko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiak izapidetuko du, gertakarien egunean guardian zegoen organo judizialak.
Goizean Enrique Maya Iruñeko alkateak azaldu duen arren gizonezkoa bere borondatez joan dela polizia-etxera, Foruzaingoak gero EITBri baieztatu dio Polizia izan dela hura atxilotzera joan dena delituaren ustezko egile gisa identifikatu ostean.
Mayaren arabera, Foruzaingoak eta Udaltzaingoak erasoaren inguruan ikertzen jarraitzen dute.
Bortxaketa joan den larunbatean, hilaren 9an, gertatu zen Mendillorri auzoan. Iruñerriko talde feministak elkarretaratzea egin zuen astearte honetan herritarren haserrea erakusteko.