Gizartea -

Sanferminak

Miurako zezenek lasterketa garbia egin dute San Fermin jaien azken entzierroan

Nafarroako Ospitaletik baieztatu dutenez, pertsona bat adarkatu dute animaliek, baina ez dago larri zaurituta. Beste bost lagun ere eraman behar izan dituzte osasun zentroetara. Korrikaldi azkarra izan da: 02:14.

Hainbat korrikalari aurreko entzierro batean. Argazkia: EFE
Hainbat korrikalari aurreko entzierro batean.
Miura ganadutegiko zezen mitikoek entzierro garbia egin dute

02:22

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miura zezen legendarioek korritu dute sanferminetako azken entzierroa, eta lasterketa garbi eta azkarra (02:14) egin dute. Dena dela, eta hasiera batean kolpeengatik artatutakoen berri eman bada ere, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak jakinarazi du, azkenean, sei pertsona zauritu direla, bat adarkatuta, arin bada ere. 

Eskarmentu handiko ganadutegia da Sevillakoa, eta San Fermin jaietan 54 aldiz hartu du parte. Gaurkoan, anaituta jardun dute zezenek lasterketaren erdialdera arte, baina Estafeta kalearen parean, apur bat barreiatu dira. Hala, lehen zati honetan, arin eta garbi joan da entzierroa, erorikoren bat edo beste izan bada ere. 

Estafetan, hiru animalia jarri dira buruan, beste hirurak apur bat atzerago geratuta. Orduan bai, lasterketa politak egin ahal izan dituzte korrikalariek.

Victoriano del Rioko adardunek ezarritako marka berdindu dute Miurakoek, eta ibilbidea 2 minutu eta 14 segundoan burutu dute.

Nafarroako Unibertsitate Ospitalearen osasun partearen arabera, sei pertsona artatu behar izan dituzte osasun zentroetan, bat, adarkada bategatik. Dena dela, zezen plazan bertan eman diote arta, eta alta jaso du jada.

Gainerakoek kolpeak izan dituzte, baina egonkor daude denak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Iruñean Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Sanferminetako entzierroa