Itxi

Gizartea

Bero bolada

Baso-sute arriskua punturik gorenean izango da gaur hego haizearen eraginez

T.S.J. | EITB MEDIA

Ia Araba osoan eta Nafarroan, alarma gorria dago ezarrita, eta Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, alerta laranja dute indarrean. Ikusi hemen EAEn indarrean dauden alerta eta alarma guztiak eta egunotan ezarritako debekuak.

  • Suhiltzaileak, lanean. Argazkia: Arabako Suhiltzaileak

    Suhiltzaileak, lanean. Argazkia: Arabako Suhiltzaileak

Euskal Herri osoa astintzen ari den bero bolada honetan, baso-suteak izateko arriskuak punturik gorena harrapatu du gaur, astelehena, beroari hego-haizea batuta, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak zabaldutako informazioaren arabera. Gauzak horrela, baso-sute arriskua muturrekoa edo oso altua da iragate-eremuetan, Ebro ondoko eskualdean eta Kantauri barnealdean tenperatura altuengatik eta hegoaldeko haizeagatik.

Hona hemen datozen egunetarako ezarritako alerta-mailak eta ordutegiak:

ASTELEHENA

ALARMA GORRIA

-Tenperatura altuagatik barnealdean

-Baso-sute arriskuagatik Araban

ALERTA LARANJA

-Tenperatura altuagatik kostaldean eta tenperatura altu iraunkorragatik

-Baso-sute arriskuagatik Kantauri barnealdean

ABISU HORIA

-Enbatagatik 15:00etatik 19:00etara

Nafarroan ere, muturreko arriskua, maila gorrikoa, izango da, hego-ekialdean izan ezik (laranja da hor), baso-suteak pizteko arriskuagatik.

ASTEARTEA

ALERTA LARANJA

-Baso-sute arriskuagatik Araban

ABISU HORIA

-Baso-sute arriskuagatik Kantauri barnealdean

DEBEKUAK

Alerta laranjan, murrizketak eta debekuak landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizaezinean aplikatuko dira 13:00etatik 21:00ak arte. Alarma gorriko egoeran, murriztapen guztiak 24 orduz ezarriko dira.

Honakoak dira debekatuta egongo diren jarduerak, alerta ezarrita dagoen eremuetan:

- Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea. Hala nola, nekazaritza edo baso eremuetan txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.

- Su artifizialak, petardoak edota pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea. Hori guztia, landaguneetan ezezik, hiri-lurzoruetan eta zuhaitz, sastraka edo labore sailetatik 300 metroko baino gutxiagora ere debekatuta egongo da.

- Errekuntzako motordun ibilgailuak ezingo dira erabili baso-pistetan, lursailetako bideetan edota asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ezinbestekoa den kasuetan izan ezik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena