Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi sexu eraso salatu dituzte Donostian

Lehen erasoa ostegun goizaldean gertatu zen, eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea, 47 urteko gizasemea, atxilotu zuen. Bigarrena larunbat goizean jazo zen; 26 urteko gizonezko batek etxeko atarian egin zion eraso 31 urteko emakume bati, hainbat ukitu eginda. Hori ere atxilo hartu zuen poliziak.

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi emakumek Donostian jasandako sexu erasoak salatu dituzte azken egunotan, Donostiako Udalak jakinarazi duenez. Horren aurrean, udalbatzak adierazpen instituzionala onartu du erasook gaitzesteko, eta herritarrak elkarretaratze batera deitu ditu. 

Lehen eraso matxista ostegun goizaldean gertatu zen, eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea, 47 urteko gizasemea, atxilotu zuen bortxaketa saiakera eta tratu txarrak ematea egotzita.

Bigarren erasoa larunbat goizeko 06:30ean jazo zen. Donostia erdialdeko bere etxera sartzera zihoala, 26 urteko gizon batek eraso egin zion 31 urteko emakume bati eta hainbat ukitu egin zizkion. Biktimak aurre egin zion erasotzaileari, eta borrokaren ondorioz hainbat zauri jasan zituen. Ospitalean artatu behar izan zuten. Kasu honetan ere, ustezko erasotzailea atxilotu zuen Poliziak, eta, ondoren, hura kartzelatzeko agindua eman zuen epaileak. 

Udalak, adierazpen instituzional batean, "erabateko irmotasunez" gaitzetsi ditu erasook, eta babesa eta elkartasuna adierazi die biktimei, bai eta beren familia eta hurbileko ingurukoei ere. Horrez gain, Udalak dituen zerbitzu eta baliabideak emakumeen esku jarri ditu.

Biharko, asteartearekin, elkarretaratzea deitu du 12:00etarako udaletxe parean. 

Talde politiko guztiek babestutako agirian gogorarazi dutenez, "mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira".

"Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizarte, mugimendu feminista eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde; baita sexu hezkuntza lantzea ere, kudeatzeko trebetasunak eta baliabideak emateko. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan, egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela", nabarmendu dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak