Gizartea -

IREKIERA

Sendaviva parkearen zati handi bat ostiralean irekiko dute, sutearen ondorioz itxita egon eta gero

Garrek kaltetutako hainbat atrakzio, ordea, ez dituzte zabalduko, Bobsleigh, Tubing, Erorketa Librea, Tirolina Handia, edo Minirally, besteak beste, ezta basoa ere. Sarreren salneurria txikiagoa izango dela aurreratu du enpresak ohar bidez.

Sendaviva parkea, sutearen aurretik. Adrian Zubiaren artxiboko irudia
Sendaviva parkea, sutearen aurretik. Adrian Zubiaren artxiboko irudia
Sendaviva parkea, sutearen aurretik. Adrian Zubiaren artxiboko irudia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sutearen ondorioz hilabete itxita egon ondotik, ostiralean, hilaren 22an zabalduko ditu ateak berriz ere Sendaviva Nafarroako abentura parkeak. Haler,e enpresak ohar batean aurreratu du zati bat soilik irekiko dutela, zenbait eremuk eta atrakziok itxita jarraituko baitute. Dena dela, azaldu dute sarreren prezioa ere txikiagoa izango dela eta bertaratzen denak eskaintza zabala izango duela.

Uztailaren 18an Arguedasen piztutako sute batek parkeko lau gunetatik hiruri eragin zion. Basoa erabat kiskalita geratu zen eta 12 animalia hil ziren suaren ondorioz. Hala ere, parkeko zati handiena lehenbailehen irekitze aldera, lanean aritu da Nafarroako Gobernua.

Enpresak adierazi duenez, parkeak adin guztietarako 25 atrakzio baino gehiago eskaintzen jarraituko du, hala nola hegazti harraparien hegaldi erakustaldia, zirkua edo txotxongiloen showa, baita 200 espezietako 800 animalia baino gehiago ere.

Horretaz gainera, parkeak bere eskaintza osatzeko, 'Xamanaren sekretua' ikuskizun berria eskainiko du Naturaren Gelan, non, modu dibertigarri eta parte-hartzailean, bisitariek, xaman barregarri baten gorabeheren bitartez, planetako altxorrik handienetako baten garrantzia ezagutuko duten: ura.

Bisitariek landatzen dituzten zuhaitzek suteak kaltetutako eremua berriro basotzen lagunduko dute. Suteak kaltetutako atrakzioak (Bobsleigh, Tubing, Erorketa Librea, Tirolina Handia, FIA begiratokia, Minirally, diligentzia, Legendetako Basoa, Etxalde Enkantatua eta Maskoten Etxea) itxita egongo dira.

Era berean, eremu horietan bizi diren animaliak ere ezin izango dira ikusi (hartzak, otsoak, katamotz iberikoak eta bisoiak). Eta 'La Bardea' eta 'Asador del Bosque' jatetxeak ere itxita egongo dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Suteak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak