Gizartea -

Zientzia

Zer da gaur Lurrera helduko den eguzki ekaitza eta nola eragin diezaieke komunikazioei?

Eguzkia, 11 urtean behin, jarduera magnetiko altuko fasean sartzen da, eta, zenbaitetan, plasma magnetikoko hodei erraldoia jaurtitzen du espaziora. Ekaitz horrek Lurra jotzean arazoak sor daitezke argindar sisteman eta sateliteetan, baina, oraingoan, alerta maila txikia da.

Eguzki ekaitz bat Lurraren magnetosferaren kontra talka egitean. Argazkia: NASA
Eguzki ekaitz bat Lurraren magnetosferaren kontra talka egitean.
Eguzki ekaitz bat Lurraren magnetosferaren kontra talka egitean. Argazkia: NASA

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fisikariek koroa-masaren eiekzioa deitzen dutena jazo zen hilaren 15ean. Hots, Eguzkiak espaziora plasma magnetikoko hodei erraldoi bat jaurtitzea. Kasu honetan, baina, Lurrera bidean jarri zen eguzki ekaitz hori, eta gaur helduko da gure planetara, AEBko Ozeano eta Atmosferaren Administrazioaren Agentziak (NOAA, ingelesez) aurreikusi duenez. 

Tankera horretako eguzki ekaitzak 11 urtean behin gertatzen dira, Eguzkia jarduera magnetiko altuko fasean sartzen denean. 

Berez, magnetosferak, Lurraren geruza magnetikoak, halakoengatik babesten gaitu. Dena dela, gaur egun ditugun satelite eta sare kopuru handia tarteko, eguzki ekaitzek Lurraren kontra talka egiten dutenean "irrati eta satelite bidezko komunikazioetan perturbazioak egon daitezke, eta kasurik larrienetan, argindar etenak", David Montes eta Gonzalo Jose Carracedo fisikariek The Conversation atarian (unibertsitateko adituek sinatutako dibulgazio albisteen webgunea) argitaratutako artikulu batean diotenez. 

NOAAk berak egindako aurreikuspenen arabera, 2022ko eguzki ekaitz hori ez da oso handia izango, eta 1. mailakotzat jo du. Hortaz, litekeena da ondorioak txikiak izatea. Dena dela, Montesek eta Carracedok 1959an gertatutakoa gogorarazi dute. Orduko hartan, koroa-masaren eiekzio ikaragarri batek (erregistroak daudenetik izandako eguzki ekaitzik handiena) pikutara bidali zituen Europako eta AEBko telegrafo sistema. 

Adituon hitzetan, estatuek oso lan gutxi egin dute eguzki ekaitzen ondorioen kalteak txikitzeko, eta mundua ez dago prestatuta duela 163 urte gertatutako eguzki ekaitz baten ondorenei aurre egiteko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Internet