Gizartea -
araba
Gasteizek barrika lasterketa berreskuratuko du uztailaren 25ean, Blusa eta Nesken egunean
Ekitaldiaren bosgarren edizioa 10:30etan hasiko da, Espainia Plazan abiatu eta bukatuta.
agentziak | eitb media
Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, Gasteizek uztailaren 25ero, Blusa eta Nesken Egunean, ospatzen duen Barrika Lasterketa berreskuratuko du datorren astelehenean, hirigunean. Probaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta ia ehun blusa eta neska lehiatuko dira, 23 taldetan.
Estibaliz Canto Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, blusak eta neskak "Zuriaren Arima" dira, eta "bi urte gogor izan dira, kalera atera ezinik". Gaineratu du "gozatzeko unea" dela, eta "Barrika Lasterketan ziur gozatuko" dutela.
Ekitaldia hilaren 25eko 10:30etan hasiko da, lasterketako taldeen desfilearekin. Jarraian, Gasteizko Telebista Jaialdiko (FesTVal) zuzendariak eta Zuzendariordeak, Joseba Fiestrasek eta Arantza Lalindek, hurrenez hurren, irteera emango diote hiru erreleboko lasterketari.
Andre Maria Zuriaren Jaien gelaurrean erreferente bilakatu den Barrika Lasterketak aurreko urteetako ibilbide bera mantenduko du. Plaza Berritik abiatuko dira 23 taldeak, Andre Maria Zuritik igarotzeko, ondoren Mateo Morazatik igo, Lehendakari Agirretik pasa eta Plaza Berrira itzultzeko.
Bi blusa/neskak bultzatuko dituzte upelak eta, ibilbidea amaitzean, euren taldeko beste bi pertsonari emango dizkiete, hiru txandatan. Gainera, komisarioak izango dira ibilbide osoan zehar; horiek arduratuko dira barrikak bide osoan zehar biraka ari direla eta, gutxienez, taldekide bat beti upelarekin kontaktuan dagoela egiaztatzeaz.
Aurten, Eguren Ugarte upeltegietako 225 litroko ardo barrika bat izango da sari berezia, eta helmuga zeharkatzen duen lehen talde mistoarentzat izango da.