Gizartea -
POLEMIKA MUTRIKUN
Joseba Palenzuela, Mutrikuko alkatea: "Elkarbizitzaren alde lanean jarraitu behar dela erakusten du honek"
Mutrikuko alkateak gogor salatu du Bizixo Jai Batzordeak herriko emakume ertzain bati ekintzatan parte hartzea ukatzea. Elkarbizitzaren alde urratsak ematen jarraitzeko deia egin du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Giroa lausotuta abiatu dituzte festak Mutrikun, bertako emakume ertzain baten salaketaren ondotik. Bizixo Jai Batzordeak antolatutako ekintzatan parte-hartzea ukatu egin diote gazteari, polizia izateagatik. "Tristea eta onartezina" da gertatutakoa Joseba Palenzuela bertako alkatearen iritzian, eta horregatik, "urte osoan bezala, elkarbizitzaren alde lanean jarraitzeko" deia egin du.
Mutrikuko Udaleko hiru talde politikoek —PNV, EH Bildu eta Berdeak+Independenteak— atzo kaleratutako gaitzespen oharrean jasotakoa ekarri du gogora alkateak, eta mutrikuar guztien eskubideak errespetaraztea dela bere eginbeharra azaldu du. "Ezberdinen arteko herria eraikitzeko giltza elkarbizitza" dela nabarmendu du, eta bide horretan urratsak ematen jarraitzeko eskatu dio herri osoari, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
Alkatearen hitzetan, festen lehendabiziko eguna "giro lasaian" joan da, eta hemendik aurrerakoa ere hala joatea espero du. Behin jaiak igarotakoan, gaia patxadaz aztertuko dutela ere esan du. "Momentuz, egoera baretzea tokatzen zitzaigun, eta lortu dugu giroa onbideratzea. Kaltetutako neskarekin harremanetan jarri ginen eta gaitzespen oharra kaleratu genuen. Orain, etorriko da gaia modu pausatuagoan lantzeko momentua", esan du.
Bere aldetik, Bizixo Jai Batzordeak sare sozialen bidez azaldu duenez, ez du "indar polizialik" onartuko bere jardueratan, eta "Ertzaintzak errepresioa" erabiltzen duen heinean, poliziak ez du tokirik izango euren ekintzatan eta espazioetan. Polemika lehertu ondoren, herriko jaietan egitekoak ziren herri bazkaria bertan behera utzi dute.
Halaber, Mutrikuko polemika izan du hizpide, besteak beste, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere, gaur goizean, "Faktoria" saioan. Gertatutakoa "urteetan eraiki eta garatu den intolerantziaren adierazpena" dela esan du. "Toki askotan, jai esparruaren zati bat kultura politika jakin baten esparrua izan da, eta hor ikusten dugu nolako intolerantzia dagoen. Batean, Mutrikuko gazte hau, ertzaina den gazte hau salatutakoa dugu, baina ikusi ditugu beste kasu batzuk ere, beste herri batzuetan GKSko (Gazte Koordinadora Sozialista) gazteekin gertatzen ari dena", azaldu du. Zupiriaren ustez, "ezin da bide horretatik jarraitu, eta guztion lana da horri buelta ematea", adierazi du.