Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Zupiriak, Mutrikukoari buruz: "Urteetan eraiki eta garatu den intolerantziaren adierazpena da"

Jaurlaritzako bozeramaileak bat egin du Segurtasun sailburuak egindako salaketarekin, eta "ezker abertzalearen kultura politikoaren esparru jakin horretan bazkatutako eta hauspotutako intolerantzia" kritikatu du.

Zupiria, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Zupiria, elkarrizketaren une batean.
Zupiria, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, Mutrikuko Madalen jaietan ertzain batek salatutako bazterkeria "urteetan eraiki eta garatu den intolerantziaren adierazpena da".

Eledunari elkarrizketa egin diote goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, eta atzo ertzain gazte batek salatutakoa hartu du hizpide. Zupiriak bat egin du Segurtasun sailburuak egindako salaketarekin —"sektarismoa, intolerantzia eta esklusioa" gaitzetsi zituen Erkorekak—, eta "ezker abertzalearen kultura politikoaren esparru jakin horretan bazkatutako eta hauspotutako intolerantzia"ri leporatu dio gertatutakoa.

"Toki askotan, jai esparruaren zati bat kultura politika jakin baten esparrua izan da, eta hor ikusten dugu nolako intolerantzia dagoen. Batean, Mutrikuko gazte horrek, ertzaina den gazte horrek salatutakoa dugu, baina ikusi ditugu beste kasu batzuk ere, beste herri batzuetan GKSko (Gazte Koordinadora Sozialista) gazteekin gertatzen ari dena", azaldu du. Zupiriaren ustez, "ezin da bide horretatik jarraitu, eta guztion lana da horri buelta ematea".

Gai ekonomikoak hizpide, aitortu du agintari politiko eta ekonomikoak "kezkatuta" daudela inflazioarekin, eta espero du atzo Europako Banku Zentralak interes-tasak igotzearen erabakiak egoera zuzentzen lagunduko duela. "Dena dela, Lagarde andreak esan zuen inflazioa % 10etik % 2ra jaisteko helburua 2024rako zela. Beraz, badirudi udazkenean eta hurrengo urtean ere prezio garestiekin bizi beharko dugula", deitoratu du.

"Zorionez, Jaurlaritzak eta aldundiek etxerako lanak eginda dituzte, eta zorra oso baldintza onetan hartu genuen, urte askotarako, gainera. Gure zor maila beste herrialde eta lurralde batzuk dutena baino txikiagoa da, eta uste dut iraganean egindako etxerako lanen ondorioz, egoera hobean harrapatuko gaituela beste batzuei baino". Horren ildotik, gogorarazi du EAEn "ekonomia hazten ari dela, industria produkzioa eta esportazioak igotzen ari direla, eta enplegua sortzen jarraitzen dugula. Aspaldiko udarik onena izango dugu turismoari dagokionez".

Krisi energetikoa ahotan, "Errusiako estatuburuak Europari egindako xantaia izugarria" salatu du Zupiriak, eta gerta daitekeenaren aurrean Eusko Jaurlaritza kontingentzia plana prestatzen ari dela gogorarazi du. Ziurgabetasuna nagusi den honetan, "errealismoz" jarduteko deia egin du. "Inork ez daki zer gertatuko den, ez dakigu zein erabaki hartuko dituen Errusiako presidenteak gerraren eta energiaren inguruan (...) kontua ez da pesimismoan erortzea, kontua da errealistak izatea, ondo neurtzea gertatzen ari dena eta gerta litekeena, eta, unean-unean, neurri egokiak hartzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza albisteak Alderdi politikoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Irratia euskaraz Mutriku albisteak