Gizartea -
Beroa eta suteak
Alerta laranjan nekazaritzako makineria erabiltzeko murrizketak malgutu dituzte Nafarroan
Horrela, alerta dagoenean, sail ureztatuetan nekazaritzako makineria astunarekin lan egitea posible izango da egun osoan, soroa 10 hektarea baino gehiagoko baso baten ondoan ez baldin badago.
Agentziak | EITB Media
Alerta egoera asko luzatzen denean, nekazaritzako makineria erabiltzeko murrizketak "malgutu" ditu Nafarroako Gobernuak. Horrela, alerta laranja egoeran nekazaritzako makineriarekin lan egiteko baldintzak malgutu ditu Foru Exekutiboak.
Suteen prebentzioa lehen sektoreko jarduera sozioekonomikoarekin bateragarri egitea eta batu gabe dagoen laborea kentzeko aukera ematea da helburua, sua pizten bada erregaia delako, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez.
Konkretuki, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen berezi edo orokorren bidez lan zehatzak baimentzeko aukera ematen du Foru Arauaren aldaketak.
Salbuespenak aurreikusi gabeko ala bat-bateko egoerek eragin ditzakete, epe luzeko meteolaertek, esaterako.
Zentzu horretan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ebazpena onartu du ostiral honetan bertan, alerta laranja egoeran nekazaritzako makineriarekin lan egiteko baldintzak malgutzeko.
Horrela, alerta dagoenean, sail ureztatuetan nekazaritzako makineria astunarekin lan egitea (uzta batzea, fardoak egitea eta galtzua txikitzea labore sailetan) posible izango da egun osoan, soroa 10 hektarea baino gehiagoko baso baten ondoan ez badago. Kasu horretan, 13:00etara arte edo alerta laranja indarrean sartu arte lan egingo dute nekazariek.
Lehorreko lurretan, aldiz, baratze ureztatuetan baino sute arrisku handiagoa da, eta alerta laranjaren aurreneko bi egunetan debekuak mantenduko dira.
Alerta laranja bi egun baino gehiago luzatzen baldin bada, ostera, nekazaritzako makineria astuna 13:00etara arte erabiltzeko baimena izango dute sektoreko profesionalek, alerta horian aurreikusitako prebentzio sistemak mantenduz.
Alerta gorri baten ondotik, alerta laranjako bi egun ematen badira, lan egitea posible izango litzateke ordutegiak errespetatuz.