Gizartea -
indarkeria matxista
Epaimahaiak erruduntzat jo du Marta Calvoren eta beste bi emakumeren hilketengatik akusatutako gizona
Gainera, beste zazpi emakume hiltzen saiatu izana eta hamar sexu abusu ere egotzi dizkiote Jorge Ignacio Palmari.
agentziak | eitb media
Valentziako herri epaimahaiak erruduntzat jo du Jorge Ignacio Palma ostiral honetan, hiru emakume hiltzeagatik; Marta Calvo, Arlene Ramos eta Lady Marcela Vargas. Gainera, beste zazpi emakume hiltzen saiatu izana eta hamar sexu abusu ere egotzi dizkiote.
Valentziako Justiziaren Hirian igorritako epaiaren arabera, Marta Calvoren eta Lady Marcela Vargasen hilketa matxisten autore da Palma, baita Arliene Ramosen homizidioarena ere.
Marta Calvoren kasuan, epaimahaikideek mantendu dute sexu abusua egon zela, "ustekabean eta biktimaren defentsa aukerarik gabe" aritu zela, babesgabetasuna egon zela eta, gainera, gorpua desagerraraztean heriotzaren arrazoiak ezkutatzen saiatu zela.
Hain zuzen ere, adierazi dute Jorge Ignacio Palmak Marta Calvoren heriotza eragin zuela "kokainarekin intoxikazio akutua eragitearen metodoaren bitartez, menperatze matxista ekintza gisa".
Kasu honetan, akusatua ezustean aritu zen, eta biktima defendatzeko aukerarik gabe utzi zuen. Gainera, sexu askatasunaren aurkako delitua egin zuen Calvoren gain. Izan ere, biktimak jakitekotan onartuko ez lituzkeen praktikak inposatu zizkion.
Epaimahaikideen epaiaren arabera, bere ekintzen ondorioen jakitun aritu zen Jorge Ignacio Palma kasu guztietan, bai Marta Calvo eta beste bi nesken hilketan, baita sexu abusuak egin zizkien beste bi emakumeen kasuan ere.
Beste biktimen inguruan, epaimahaiak, lekukoen testigantzak eta txosten forentseak zein toxikologikoak kontuan hartuta, erruduntzat jo du kokaina intoxikazioaren bitartez horiek hiltzen saiatu izanagatik. Azkenean, ez zen hilkor suertatu bere borondatetik kanpoko arrazoiak zirela eta.
Kasu guztietan, herri epaimahaikideak zigorren murrizketaren aurka eta indultua emateko aukeraren aurka agertu dira.
Epaiaren irakurketaren ostean, fiskaltzak mantendu egin du 120 urte batzen dituzten espetxe zigorren eskaera, eta akusazioak berriro eskatu du espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Gainera, aldebiek erretiratu dituzte berrerortzeagatik eskatu zituzten zigorrak.