Gizartea -
Bilbo
Aske utzi dute Bilbon neska gazte bat harrapatu zuen gidaria, bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita
Ikerketaren ondoren, epaileak erabakiko du beste delitu batzuk egozten zaizkion. Bestalde, indarkeria bidezko lapurretagatik atxilotutako pertsona, lekukoen arabera autoaren gidariari lapurtzen saiatu zena, epailearen esku utzi dute.
M. D. | EITB Media
Bilbon 20 urteko neska bat harrapatu zuen gidaria aske geratu da, oraingoz, bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita, Udaltzaingoaren iturrien arabera. Ikerketak irekita jarraitzen du, eta, Poliziaren atestatuak aztertu ondoren, epaileak erabakiko dute beste delitu batzuk egozten dizkion ala ez.
Bide segurtasunari buruzko delitua epaiketa azkar batean eta administrazio zehapenen bidez ebatziko da, ziurrenik, ohi den bezala. Gidariak positibo eman zuen drogetan.
Bestalde, indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotutako pertsona epailearen esku geratu da. Lekukoen arabera, autoaren gidariari leihatilatik lapurtzen saiatu zen, eta, une horretan, gidariak bat-bateko maniobra egin eta neska harrapatu zuen.
Harrapaketa igande goizaldean gertatu zen, Boluetako Fever diskotekaren kanpoaldean. 20 urteko biktima oso larri dago Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo).