Gizartea -
Indarkeria matxista
Nafarroan indarkeria matxista sufritu duten 1.260 emakume artatu zituzten 2021ean
Agintariek gogoan izan dituzte joan den urtetik Nafarroan eraildako bi emakumeak -Pilar Berrio eta Sara Pina-, eta azpimarratu dute indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen % 80k ez dutela salaketarik jartzen.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2021ean, 1.260 emakume eta 70 adingabe artatu zituen emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei laguntzeko Nafarroako Gobernuaren Arreta Integralerako Taldeak. Kopuru horrek % 26,76ko gorakada izan du 2020ko datuekin alderatuta.
Horrez gain, 144 emakumek eta 139 adingabek erabili zituzten iaz Nafarroako Gobernuaren larrialdi zentroak, aterpetxeak eta bost etxebizitza sozialak.
Datu horiek emakumeen aurkako indarkeriari buruzko urteko txostenean ageri dira, eta dokumentua gaur onartu dute Batzorde Iraunkorrean.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du ezinbestekoa dela erakundeak eta administrazioak elkarlanean aritzea, "arazo larri honi aurre egiteko".
Halaber, esan du bere Gobernuak "zeharkako ikuspegiarekin" lan egiten duela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko.
Horrez gain, Chivitek gogoan izan ditu 2021etik hona Nafarroan eraildako bi emakumeak: Pilar Berrio eta Sara Pina.
Bestalde, Mari Cruz Lerga Berdintasunaren Nafarroako Institutuko zuzendariordeak nabarmendu du erakundeen arteko elkarlana "ona" dela, baina erantsi du oraindik asko dutela egiteko.
Ildo horretan, ohartarazi du indarkeria matxista sufritzen duten emakumeen % 80k ez dutela salaketarik jartzen.
"Indarkeria matxistarekin amaitu nahi bada, ezinbestekoa da emakumeek pairatzen dituzten desberdintasunekin behin betiko bukatzea", berretsi du.