Gizartea -
Asier Niebla
Donostiako epaitegi batek Niebla auziko bi lekukoren kontrako kausa zabaldu du lekukotza faltsua egotzita
Epaiketan lekuko izan ziren udaltzain eta taberna bateko atezainaren kontrako kereila aurkeztu zuen zigortutako gaztearen defentsak, eta orain tramitera onartu du Donostiako 1 zenbakiko instrukzioko epaitegiak.
Agentziak| EITB MEDIA
Asier Niebla hiltzeagatik zigortutako gaztearen defentsak epaiketan lekuko izan ziren bi pertsonen kontra lekukotza faltsua ematea leporatuta aurkeztutako kereila aktibatu berri du Donostiako 1 zenbakiko instrukzioko epaitegiak.
Hilketa delitua egotzita (genero larrigarria erantsi zion) ia 13 urteko kartzela zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiak gizonari 2020ko abenduan. Gerora, baina, hainbat helegite tarteko, epai irmoa eman zuen Auzitegi Gorenak, genero larrigarria kenduta: 11 urte eta erdiko kartzela zigorra.
Gipuzkoako Auzitegiaren epaiaren ondotik, defentsak bi lekukoren kontrako kereila aurkeztu zuen adierazpen faltsuak egitea egotzita: atestatua egin zuen Donostiako udaltzainaren kontra eta erasoaren lekuko izan zen taberna bateko atezainaren kontra.
Defentsaren arabera, udaltzainaren lekukotzak "asmo argia zuen: akusatua polizia etxean bere borondatez aurkeztu ez zela, egindakoaren jakitun zela eta erasoa aurrez pentsatuta zuela frogatzea, komisaldegira bere abokatuarekin joan zen eta". Atezainari buruz, defentsak dio beste lekukoek ez bezala, horrek adierazi zuela erasotzaileak Niebla "bizkarrez" kolpatu zuela.
Hasiera batean, Donostiako epaitegiak kereila artxibatzea erabaki zuen epai irmorik ez zegoela argudiatuta. Orain, baina, EFE albiste agentziak eskuratu duen auto batean, tramitera onartu du eskaera.