Gizartea -
LAN GATAZKA
Metro Bilbaoko lanuzteak bertan behera utzi dituzte ELAk, CIMek eta UGTk, hitzarmen orokor bat adostu ostean
CCOO, SEMAF, LAB, EGIE eta ESK sindikatuek zuzendaritzarekin lortutako akordioaren aurrean "etsipena" azaldu ostean, hiru zentral sindikalek onartu dute "sekzio sindikal horien sinadurak gehiengoa egiten" duela, baina ohartarazi dute ez dutela "guardia jaitsiko".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
ELAk, CIMek eta UGTk Metro Bilbaon dituzten sekzio sindikalek adierazi dutenez, euren burua "behartuta" ikusi dute Aste Nagusirako deitutako lanuzte partzialak bertan behera uztera. Izan ere, batzordearen gehiengoak ontzat hartu duen hitzarmen kolektiboari buruzko akordio batekin lanuzteak luzatzeak horien deialdiaren "legezkotasunik eza" suposatuko luke.
CCOO, SEMAF, LAB, EGIE eta ESK sindikatuek metroko zuzendaritzarekin adostutako akordioak eragindako "etsipen sakona" azaldu ostean, hiru zentral sindikalek onartu dute "sekzio sindikal horien sinadurak gehiengoa egiten duela, eta akordio horrek orokor bihurtzen du hitzarmena, kasu honetan minimoagatik bada ere".
Ohar batean, ELAren, CIMen eta UGTren sekzio sindikalek ohartarazi dute "sekzio hauek aurreakordioa sinatzeagatik" ez dutela "guardia jaitsiko", eta iragarri dute itxaron egingo dutela, sinatutakoa efektibo egin arte.
"Ez sinatzekotan, mobilizazioak berraktibatzera behartuta ikusiko dugu gure burua eta, sinatuz gero, beligeranteak izango gara hitzarmenean idatzitako puntu eta koma bakoitzarekin, defendatu izan dugun moduan", esan dute.