Gizartea -
Meteorologia
Sute arriskua Araban eta Nafarroan tenperatura altuen eta lehortearen ondorioz
Abisua 14:00etan sartuko da indarrean Araban. Foru Erkidegoan, aldiz, arriskua "oso handia" eta "muturrekoa" izango da egun osoan lurraldearen zati handi batean.
I.G. | eitb media
Gaur, asteartea, sute arriskua izango dugu berriz ere Araban eta Nafarroan tenperatura altuengatik, landaredia zein airea lehor baitaude.
Hala, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak abisu horia aktibatuko du 14:00etatik aurrera, gauerdiraino, baso sute arriskua dela eta. Arriskua nahiko altua da iragate-zonan eta Ebro ondoko eskualdean bereziki.
Nafarroan, ostera, egoera arriskutsuagoa da, izan ere, AEMETek aurreikusi duenez, sua pizteko arriskua "oso handia" eta "muturrekoa" da egun osoan zehar, lurraldearen zati handi batean.
Azken egunetan, Arabako Foru Aldundiko suhiltzaileek itzali duten sute batek 250 hektarea erre ditu Zanbranan (Araba), herriko alkatearen arabera. Erretako lurra basoa eta basobera izan da batez ere.