Gizartea -
Aurtengo hirugarren fokua
Hegazti-gripearen kasu berri bat Gipuzkoan
Donostiako Aquariumaren inguruan zebilen zanga gaixo batek eman du positibo H5N1 gripearen aldaeran. 2006tik aurreko maiatzera arte, ez da kasurik antzeman Euskadin.
agentziak | eitb media
Ingurumen Sailak hegazti-gripearen kasu berri bat atzeman du Donostiako Aquariumetik gertu zebilen zanga batean.
Asteartean zabaldutako ohar batean jakinarazi dutenaren arabera, herritarrek emandako abisuari esker jaso zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainek hegaztia. Ondoren, Basabizi Gipuzkoako basafauna berreskuratzeko eta naturara berriz itzultzeko zentrora eraman zuten, Urnietan, eta han jarraitzen du isolatuta, kutsatzeak saihesteko.
H5N1 Patogenotasun Handiko Hegazti Gripe kasua baieztatutakoan, osasun agintariek abisua eman diote hegaztien sektoreari, beharrezko neurriak har ditzan, eskortako hegaztiak hegazti basatiekin harremanetan egon ez daitezen. Era berean, kontsumorako hegaztien kasuan ere badaezpadako neurriak hartzea eskatu dute "gaixotasuna zabaltzeko funtsezko zeregina izan dezakete eta".
Edonola ere, osasun agintariek argitu dutenez, hegaztien okela, arrautzak edo bestelako produkturik kontsumitzeak ez dauka inolako arriskurik gizakion osasunerako, nahiz eta hegaztiren bat gripearekin kutsatuta egon.
Aurreko maiatzera arte, Euskadin ez da kasurik egon 2006tik. Aurten, alabaina, Matxinbenta eta Aiako Harrietako bi saitan atzeman zen gaixotasuna, hori dela eta, oraingoan zangari atzemandako kasu honekin, hiru dira jada Gipuzkoan atzemandako fokuak urtea hasi zenetik.
Europa azken urteetako hegazti-gripearen epidemiarik larriena pairatzen ari da gaur egun. 2021eko udazken-neguko migrazioa hasi zenetik 5.349 kasu atzeman dituzte 36 herrialdetan, eta, gehienetan, H5N1 aldaera izan da nagusi.