Gizartea -
gipuzkoa
Aiako Harrian hildako sai bat, hirugarren hegazti-gripe kasua Gipuzkoan
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, hegaztiak oinarritzat dituzten elikagaiek ez dute inolako arriskurik suposatzen pertsonentzat.
agentziak | eitb media
EAEko osasun-agintariek berretsi dutenez, hirugarren hegazti-gripe kasu bat izan da Gipuzkoan. Irungo udalerrian, Aiako Harriko inguruan, basozainek hilik topatutako putre edo sai arre batengan antzeman dute.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, patogenotasun handiko H5N1 hegazti-gripearen birusa maiatzaren erdialdera antzeman zuten beste sai batengan. Azpeitia eta Beasain artean topatu zuten, eta Urnietako (Gipuzkoa) Fauna Basatia Berreskuratzeko Arizmendi Zentrora eraman. Bertan, espezie bereko beste hiru animaliarekin harremana izan zuen, horietako bat kutsatu eta hil zelarik.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak zehaztu duenez, ostegun honetan antzemandako kasu berria "azken hilabeteotan egiten ari den zaintza zorrotzaren emaitza da, Frantzian beste bi kasu aitortu ondoren". Orain, EAEn ere "biziagotu" da arreta hori, "arrisku handieneko guneetan bereziki, hezeguneetan eta hegaztiak pilatzen diren bestelako eremuetan".
Hartutako neurrien artean, euskal hegazti-sektoreak, hiru foru Aldundietan animalien osasungintzaz arduratzen diren agintariekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, bere animalien egoera klinikoa egiaztatu du, "infekzioa goiz antzemateko".
Era berean, biosegurtasun neurriak indartu dituzte ustiategietan, hegazti basatiekin harremana saihestera bideratutakoak batik bat; etxeko hegaztien konfinamendua, adibidez.
Neurri horiek beharrezkoak dira, "ez gaixotasun honek pertsonentzako arriskurik suposatzen duelako, sektorearentzat galera ekonomikoak" ekar ditzakeelako baizik. Izan ere, ustiategietan gaixotasuna antzematen denean, instalazioetako "hegazti guztiak sakrifikatu behar" izaten dituzte.
2021eko udazkenetik, birusaren 4.500 foku baino gehiago antzeman dituzte Europan. EAEn, berriz, 15 urte baino gehiago dira hegazti-gripe kasurik antzeman ez dutela.
Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, hegaztiak oinarritzat dituzten elikagaiek (haragia, arrautzak edo foie gras, kasu) ez dute inolako arriskurik suposatzen pertsonentzat, kutsatuta baleude ere.