Itxi

Gizartea

Sutea Frantzian

Europako hainbat herrialdek Frantziari lagunduko diote Girondako eta Landetako sutean

EITB MEDIA

Ostegun arratsaldean, suak 6.800 bat hektarea zituen kiskalita, eta 10.000 herritar inguru etxetik atera dituzte. Biriatun, ostegun goizean, bost kilometrorainoko ilarak sortu dira, ibilgailu astunek eguerdira arte ezin izan baitute Lapurdin sartu.

01:24

Europako hainbat herrialdek konpromisoa hartu dute Frantziari laguntzeko asteazkenean Gironda eta Landak departamenduetan piztutako suteari aurre egite aldera. Ostegun arratsaldean, suak 6.800 bat hektarea zituen kiskalita, eta 10.000 herritar inguru etxetik atera behar izan dituzte. Bitartean, Biriatun, ostegun goizean, bost kilometrorainoko ilarak sortu dira; izan ere, ibilgailu astunek eguerdira arte ezin izan dute Lapurdin sartu.

Testuinguru horretan, Alemaniak, Greziak, Poloniak, Errumaniak, Austriak eta Italiak konpromisoa hartu dute, azken orduetan, Frantziarekin, langileak eta ekipoak bidaltzeko, suteen olatuari aurre egiteko asmoz. Emmanuel Macronek "elkartasun" hori eskertu nahi izan du: "Gure bazkideek laguntza emango diote Frantziari, suteengatik. Eskerrik asko guztioi. Europako elkartasuna, abian", adierazi du, Twitterren. Europar Batasunak ere parte hartuko du laguntza horretan.

Hainbat ur-hegazkin bidaliko dituzte. Europako Batzordeak ere beste lau bidaliko ditu, Greziatik eta Suediatik hartuta.

"Frantziako suteen aurrean, eskerrak ematen dizkiet babes zibileko agintariei eta erantzun duten lehen herrialdeei, azkar ari direlako mugitzen. EBk erabateko elkartasuna agertzen du herrialde batek larrialdi bat duenean", adierazi du Janez Lenarcic Krisien Kudeaketarako komisarioak. Europar Batasunaren Babes Zibileko Baliabidea indarrean du Frantziak; tresna horren bidez, EBk larrialdien eta natura-hondamendien aurreko laguntza koordinatu egiten du.

Ostegun arratsalderako zabalduta zegoen informazioaren arabera, suak 6.800 hektarea inguru kiskali ditu Gironda eta Landak departamenduetan, eta 10.000 bat laguna tera behar izan dituzte euren etxeetatik. Uztailean ere, sute honek kaltetutako hainbat herritar ebakuatu behar zituzten, beste sute larri batengatik; orduan, 13.000 bat hektarea erre ziren. 1.100 langile dabiltza sutea itzali nahian.

Baldintza "bereziki zailak"

"Baldintzak bereziki zailak dira", adierazi dute agintariek, kontuan izanik tenperatura altuak daudela egun hauetan (40 gradura artekoak), eta lehortea ere handia dela.

Hori guztia dela eta, Fabienne Buccio Girondako prefetak herritarrei eskatu die "sutearen gunera ez joateko, larrialdi-zerbitzuen lanei oztoporik eragin ez diezaieten", baita "kontuz ibiltzeko" ere.

Gironda osoa dago 'RED' zaintzan, eta gainera baso-suteak pizteko arriskua ere indarrean da, baldintza meteorologikoengatik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena