Gizartea -

Frantzia

Girondako eta Landetako sutea egonkortuta dago, baina ez itzalita

7.400 hektarea kiskali ditu, hilaren 9tik. Larunbat gauerako, ekaitza iragarri dute Frantziako hego-mendebaldean, eta agintariek espero dute horrek laguntzea sua itzaltzeko.

Alemaniako suhiltzaileak, Girondako sutean. Argazkia: EFE.
Alemaniako suhiltzaileak, Girondako sutean
Girondako eta Landetako suteak ez du aurrera egin, eta agintariak ekaitzen zain daude

01:25

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Gironda eta Landak departamenduetako sutea "egonkortuta" dago larunbat honetan, baina oraindik ez dute erabat itzali, agintariek adierazi dutenez. Guztira, 7.400 hektarea kiskali ditu.

"Gaua ona izan da, ez da aldaketarik izan sutearen bilakaeran. Egoera egonkorrean gaude, oraingoz", zehaztu du, prentsaurrekoan, Stephanie Martin komandanteak. Bera da Departamenduko Sute eta Laguntza Zerbitzuko komunikazio-arduraduna.

Frantziako hego-mendebaldean 20.000 hektareatik gora erre ziren uztailean izandako sute handietan, eta orain, abuztuan, berriro ere egoera horretan daude. Azken sute hau hilaren 9an piztu zen, eta 10.000 bat lagun atera behar izan dituzte etxetik; garrek hainbat etxe suntsitu dituzte.

Ekaitza, larunbat gauerako

Frantziako hego-mendebaldean, ekaitza iragarri dute larunbat gauerako. Agintariek espero dute horrek laguntza ematea, sua itzaltzeko; hori bai, azkenean euririk ez badu egiten, eta soilik haizeak joko balu, egoerak okerrera egin lezake: Badakigu ekaitz honek haizea ekarriko duela", ohartarazi du Martinek.

Frantziak nazioarteko laguntza eskatu du sute honi aurre egite aldera; izan ere, uda honetan hainbat sute handi eta zenbait bero-bolada izan dira herrialdean. Austriak, Poloniak, Alemaniak, Greziak eta Errumaniak laguntza hori eman dute. Oraingoz, ez dago aurreikusita sutearen aurka dabilen ekipoa txikiagoa izatea.

Bero-boladak bere horretan jarraituko du larunbat honetan Frantziako zati handi batean; tenperaturak 30 gradutik gorakoak dira, leku askotan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak argazkiak Frantzia argazkiak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak