Gizartea -
Bosgarren urtemuga
Emozioa eta tentsio uneak bizi izan dira Bartzelonan, A-17ko atentatuetako biktimen omenezko ekitaldian
Dozenaka lagunek isiltasuna hautsi dute "egia nahi dugu" oihukatuz. Ekitaldian biktimen senideek eta erakundeetako ordezkariek parte hartu dute.
Agentziak | EITB Media
Oroimen eta omenaldi eguna da gaurkoa Bartzelonan. Bost urte dira 2017ko abuztuaren 17ko atentatuak gertatu zirela, eta ekitaldi instituzionala egin dute goizean. Hala, biktimen senideek eta agintariek lore-eskaintza egin dute Ramblako Pla de l 'Ósen jarritako memorialaren alboan.
Besteak beste, Pere Aragones Generalitateko presidenteak, Meritxell Batet Kongresuko presidenteak, Miquel Iceta eta Raquel Sanchez ministroek eta Ada Colau Bartzelonako alkateak parte hartu dute oroimen ekitaldian. Hunkigarri eta, aldi berean, tentsio handikoa izan da; izan ere, inguruan zeuden dozenaka lagunek isiltasuna hautsi dute "egia nahi dugu" ohiukatuz, eta politikariei txistu egin diete. Tentsio uneak bizi izan dira.
Ekitaldiaren ostean, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Ada Colau Bartzelonako alkateak gertatutakoa deitoratu du: "Errespetu falta handia iruditzen zait biktimak protagonista dituen ekitaldi batean minutu bateko isilunea ere ez errespetatzea", adierzi du.
Colauk elkartasuna eta maitasuna adierazi die biktimei, eta hiriak beti beren oroimenean eramango ditue gogoratu die. Azaldu duenez, biktimekin hitz egin ahal izan du ekitaldiaren ostean, eta "gogaituta zeudela eta ez zutela jokabide hori ulertzen" esan du. Hala, gogorarazi du horietako batzuk Holandatik, Alemaniatik eta Australiatik etorri direla omenaldira.
Robert Manrique Terrorismoak Kaltetutakoentzako Arreta eta Balorazio Unitateko aholkulariak ere omenaldi instituzionalari egindako "boikota" kritikatu du; izan ere, bere ustez, "ez zen tokia" eta ez dira ekintza horiek "politika egiteko" erabili behar. Kazetariei egindako adierazpenetan, Manriquek esan du biktima askori eta haien senideei "min handia" egin diela, ez baitute "minutu bateko isilunea ere errespetatu".
Miquel Iceta Kultura eta Kirol ministroak, bestalde, TVEko elkarrizketa batean esan du biktimen omenaldian buru-belarri ari zela, eta ez duela oihurik entzun. Hala ere, bosgarren urteurrenean agintariei egindako txistuei erantzunez, "batasuna" eta "biktimak babestea eta gogoratzea" eskatu du.
Ekintaldi instituzionalaren ondotik, 12:00etan eta "17A plataformak" deituta, "Estatu espainiarra eta CNI, arduradunak" lelopean, protesta egin dute Bartzelonako Europako Batzordearen egoitzaren aurrean, eta "benetako arduradunek euren ekintzengatik ordain dezatela" eskatu dute. Laura Borràs ere bertan izan da.
Erakunde Terroristen Biktimen Kataluniako Elkartea (ACVOT) ere ekitaldi ofizialetik aldendu da, eta erakundeen "ahanztura" salatu du.
Cambrilsen (Tarragona) bihar egingo dituzte omenaldi ekitaldiak Bakearen Memorialean. Bartzelonako erasoen goizaldean izan ziren bertan harrapaketak. Pertsona bat hil eta zazpi zauritu ziren, eta poliziak bost terroristak hil zituen.
Terrorismoak kaltetutako pertsonen balorazio eta atentzio unitateak (UAVAT, gazteleraz) salatu duenez, A17ko biktimak "abandonatuta" egon dira bost urteotan, administrazioek "zabarkeriaz" hartu dituztelako eta "horietako asko birbiktimizatu" egin dituztelako.
Kasuak badu epaia, Gorenean hainbat helegite baditu ere
16 pertsona hil zituzten terrorista jihadistek, eta Auzitegi Nazionalak emandako epaiak 350 biktimari eman die aitortza, zauri fisiko edo kalte psikologikoengatik. Dena dela, UAVATen arabera, 250 biktimarekin harremanetan jarri ezinda daude, eta beraz, ez dakite aitortza jaso dutenik.
Auzitegi Nazionalak atentatuak prestatu zituen talde jihadistako hiru kide zigortu zituen. Hurrenez hurren, Mohamed Houli Chemlal, Driss Oukabir eta Said Ben Iazza terroristei 53, 46 eta zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zieten, baina helegite bat tarteko, 10na urte jaitsi zizkieten zigorrak (20 urtera) Chemlali eta Oukabirri.
Auzitegi Nazionaleko Apelazio salak iazko uztailean berretsi zituen epaiaren nondik norakoak, eta ondotik bi elkartek (AVT eta 11M Terrorismoak kaltetutakoen elkartea) Gorenean helegitea aurkeztea baztertu zuten.
Bi taldeon abokatuen hitzetan, zaila da Auzitegi Nazionalaren argudioei kontra egitea, eta epaiketaren kostua ordainarazteko arriskua ere badago. Hortaz, Oukabir eta Houli atentatuen egile jotzeko euren asmoa bertan behera geratu da.
Beste biktima batzuek, ordea, Gorenera jotzea erabaki dute. Tartean daude Ramblan hil zen hiru urteko mutikoaren gurasoak. Estatuaren erantzukizun zibila ezartzea nahi dute, "terroristek sarraskia egiteko erabili nahi zituzten lehergaiak saltzea ez saihesteagatik egindako akats larri barkaezinagatik".